Daniel Innerarity eta Anika Lujan Kongresurako eta Senaturako Geroa Bairen hautagaiek nafar hiritarren erabakitzeko eskubidea defendatu dute gaur bai eta Nafarroa subjektu politiko moduan ere. Geroa Baiko hautagaiek PPk bere gehiengo osoarekin burututako berzentralizazioa kritikatu dute, “jendearen eskubide eta akatasunen murrizketa ekarri baitu”, eta “kontraesan polit” moduan baloratu dute juxtu gaur Tuteran Mariano Rajoy eta Javier Esparzaren ekitaldi bat egotea, “foru legeen aurka helegite gehien jarri dituen presidentea eta hautagai ‘navarrisimoa’”.
“PPren Gobernuak, UPNren babesarekin, nafarron erabakiak islatzen dituen Nafarroako Parlamentuak gehiengoz onartutako 17 foru legeri jarri die helegitea. PPren eta PSOEren Gobernuek, aurreko Nafarroako Gobernuekin batera, ez dute LORAFNA garatu ez eta eskumen gehiagorik hartu”, deitoratu dute Innerarityk eta Lujánek, datozen hauteskundeetatik irtengo den Madrileko Gobernuak “Nafarroa eta bere hiritarrak errespetatzeko borondatea” izango duela esperoz.
Geroa Bairen hautagaiek gainera ziurtatu dute PPk eta UPNk “ 15Mak ekarri zuen inflexio puntua ez dutela irakurtzen jakin, politika egiteko modu hurbilagoa eskatzen baitu”. “Alderantziz, eskubideak murrizten jarraitu dute Mozal Legearekin, LOMCE Legearekin edo PSOEk eta PPk onartutako Konstituzioaren 135 artikuluaren erreformarekin, azken hau administraritza ezberdinen zerga autonomiaren galera konponezina delarik”.
Innerarityk eta Lujanek ziurtatu dutenez Geroa Baik “konpromiso tinkoa du gure gizartearen etorkizuna hura osatzen dutenen eskuetan dagoenaren printzipioarekin”. “Erabakitzeko eskubidea, nafarrok geure etorkizuna erabakitzeko ahalmena, topo egiteko leku moduan ulertzen dugu, logikak eta balio demokratikoak bakarrik zuzendua, bazterkeriarik eta marko legal mugiezinik gabe. Nafarroaren etorkizunak beti egon behar du bere hiritarren eskubide askearen eskuetan”, azpimarratu dute.
Zentzu honetan, gogorarazi dute garrantzitsua dela “alderdi politikoen erabakitze zentroak non dauden”: “Geroa Baik Nafarroan erabakitzen du eta horrela dio bere kartelak adibidez. Ezin dute berdina esan UPN/PP, PSOE edo Unidos Podemos bezalako alderdi politikoek, euren kanpaina eta programa Madriletik baitakarte”.
Bestalde, Innerarityk eta Lujánek Geroa Bai bezalako erakunde politiko bat Madrilen edukitzearen garrantzia nabarmendu dute, autogobernua, Foruak edo Nafarroaren Hitzarmen Ekonomikoa defendatzeko. “Sánchezekin bere akordioa kezkaz ikusi genuen, erakunde laranja hainbat kasutan agertu baita gure zerga sistemaren aurka, eta oraindik ere kezkaz ikusten dugu Kataluniari buruz hitz egiten dela baina ez Nafarroari buruz ez eta Nafarroaren eta ez dela argitzen bere foruen berezitasuna errespetatuko duten”, amaitu dute.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.