Daniel Innerarityren aldeko plataforma hiritarrak ekitaldi bat antolatu du Iruñean Geroa Baiko hautagaiarekin eta Manuel Cruz PSCren Kongresurako bigarrenarekin. ‘Conversaciones -Elkarrizketak: nazio aniztasunaren afera’ izenburupean, hitzaldia Calderería Aretoan izango da bihar 18.30etan, sarrera irekiarekin.
Manuel Cruz Rodríguez (Bartzelona, 1951) filosofo espainiarra da, Bartzelonako Unibertsitatean Filosofia Garaikidean katedraduna. 2013tik Asociació Federalistes d’Esquerres (Ezkerreko Federalistak) elkarteko buru da.
Daniel Innerarityren aldeko plataforma hiritarra, filosofoak Geroa Baiko zerrendaburu aurkeztuko zela iragarri zuenean jaio zen. Bere burua talde hiritar, zeharkako eta estatu mailako moduan definitzen duen plataforma horrek ziurtatu du Innerarityk “politikaren dimentsio etikoa ulertzen lagundu digula, aurreiritzirik gabe pentsarazi digu eta zalantza edukitzen irakatsi digu”.
“Orain hauteskundeetara aurkeztea erabaki du: Nafarroan, bere lurraldean; Geroa Bairekin, bere alderdiarekin. Eta hura irakurtzen, jarraitzen eta miresten dugun pertsonok, ez gara besoak gurutzaturik geratuko”, azpimarratu du. Plataformak ekitaldi gehiago antolatu ditu datorren asteetan hitzaldi formatu bera jarraituz, Innerarityren Kongresurako hautagaitza babesten duten pertsonak egongo direlarik.
Honako hau, plataformak Nafarroan egiten ari duen kanpainaren baitan egingo duen bigarren ekitaldia da, ERCko Ernest Maragall eurodiputatuaren bisitaren eta #InnerarityalCongreso HT pean sare sozialetan burutzen ari den kanpainaren ondoren.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.