Iruñeko Geroa Baik gaur goizean Udaleko Gobernu Batzordean proposatu duenez, berdegune eta zuhaiztien ordenantzen lanari berriro ekin nahi dio, Udalaren aldetik eguneratzeke eta onartzeke baitaude.
Lorategi Zerbitzuko udal teknikarien aldetik bere garaian landutako ordenantza proposamen bat da, orduan aurkeztu ondoren “tiraderan gorde baitziren”. “Aurreko agintaldian ordenantza hauen onarpena lortzeko lan egin genuen, baina ez zen posible izan UPNk beti nahiago izan duelako instrukzio tekniko moduan utzi, nahitaez bete beharreko araudi moduan egin ordez”, azaldu du Iruñeko udal taldeak.
Iruñeko Geroa Baik gaur goizean adierazi duenez, existitzen den dokumentazio tekniko guztia sartu du Udal Batzordean, berandutu gabe afera honi ekiteko “Gurelur-ek orain gutxi Arrosadia auzoan bi makalen mozketaren gainean egindako salaketak lehentasunezko gai moduan jartzen baitu”.
Berdeguneak sortzeko ordenantza bat, bideetako zuhaitzak ezartzeko ordenantza bat, berdeguneak eta hiri zuhaiztiak gordetzeko ordenantza bat eta berdeguneen erabilerarako ordenantza bat ditu bere barne proposamenak. “Azken proposamen honek, ez hain teknikoa, parke historikoen erabilera eta berdeguneetan ekintzak arautzen ditu”, azaldu du koalizioak.
Iruñeko Geroa Baik gogorarazi du 1983an Iruñeko zuhaiztien lehen zerrenda paperean egin zenean, “hiri aitzindaria izan zela”. “Estatuko hiri ugaritan ordenantzen idazlanetarako eredu bilakatu zen, hemen egindako lana tamalez tiradera gordeta geratu den bitartean”.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.