Diputatuen Kongresura Geroa Bairen zerrendaburu Koldo Martínez “oso kezkatuta” agertu da Ciudadanosek, atzo Albert Riveraren eskutik, publiko egindako lurralde proposamenaren aurrean. Proposamen horretan Nafarroako Hitzarmenaren “berrikusketa” dago, “eskumenen birbanaketa” Estatuaren eta autonomien artean edota IV Xedapen Iragankorraren deuseztapena.
“Ciudadanosen proposamena sakonki atzeragarria da Nafarroarentzat”, nabarmendu du Martínezek, hauteskunde hauetan Nafarroa berriro ere “Estatu kontu” moduan agertzen dela azpimarratuz, estatu mailako alderdi bakar bati ere axola ez zaielarik Komunitateko hiritargoa. “Erriberan edo Sakanan %20ko langabezia tasekin, edo hilean 833 euro baino gutxiago irabazten duten ia 53.000 pertsonekin, gure hiritarren benetako arazoak alegia, estatu mailako alderdiek Nafarroari buruz hitz egiten duten bakarra IV Xedapen Iragankorra, estatua zentralizatzea edo Hitzarmena berrikustea da”, salatu du Martínezek.
“Ez Ciudadanosek, ez UPN-PP, ez PSOEk ere ez dute Hitzarmenaren izaera soziala defendatzen, ezta gauzak ongi ez dihoazkigunean erregimen komunean baino gehiago ordaintzen dugula azaltzen, ezta gure ongizate eta zerbitzu sozialen maila gure autogobernuak ahalbidetzen duela esanez”, esan du Koldo Martínezek, alderdi hauetako batzuek Hitzarmena “aho txikiarekin” defendatzen dutela berretsiz, eta ziurtatu du haien nazio mailako liderrek diskurtso bikoitza darabiltzatela. “Nafarroara datozenean, Hitzarmenaren defendatzaile handienak dira, baina gero isil geratzen dira edo txalotu ere Andaluzian, Valentzian edo Madrilen foru autogobernuaren tresnak kritikatzen dituztenean”, zehaztu du Martínezek.
Geroa Bairen Kongresurako hautagaiak galdegin du “zer egingo duen UPNk Rajoyri babesa eman beharko dionean, PPrekin hartutako konpromisoa baita, eta Rajoy Ciudadanosen laguntzarekin inbestidurarako hautagai izatera iristean”. “UPNk ez daki Ciudadanosek zer eskatuko dion Rajoyri gure autogobernuaren inguruan, baina bere babesa konprometitu du”, gogora arazi du, aldi berean kritikatuz UPN gehien kezkatzen duena IV Xedapen Iragankorraren deuseztatzea dela.
“UPNk Nafarroari eskubideak murriztea nahiago du, eta Hitzarmena eta autogobernua garbitzea, Nafarroak une batetan bere eskubideak erabili ahal izatea baino”, azpimarratu du Martínezek. “Horregatik, Uxue Barkosek Kataluniak bizi duen tentsio egoerara ez iristea eskatzen duenean, Esparza jaunari (UPN) bururatzen zaion gauza bakarra, Nafarroaren nazionalitate bakarra espainiarra dela esatea da, bere banderan babestuz, jarrerak aurrez aurre jartzen saiatuz, eta nafar on eta nafar txarren artean bereizketa bilatuz”, kritikatu du Koldo Martínezek.
“Nafarroa denona da, eta bere autogobernua denon ongizatearen bermea. Hori da UPNk tinko defendatu beharko lukeena, eta ez hiritarrena ez beste den banderarik; eta hau da Geroa Baik defendatzen duena” amaitu du Kongresurako koalizioaren hautagaiak.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.