Kongresuan Geroa Bairen diputatu Bixente Serrano Izkok bere kezka azaldu du bai eta kritikatu ere “UPNren obsesio bakarra Laugarren Xedapen Iragankorra deuseztatzea delako eta ez autogobernua eta Nafarroaren eskubide historikoak defendatzea, Konstituzioa aldatzeko Rajoyk agertutako interesaren aurrean”.
Serrano Izkok esan duenez “PPk kanpaina berzentralizatzaile arriskutsu bati ekin dio legegintzaldi honetan, nafarrok historikoki erabili dugun autogobernua kinka larrian jarriz, denontzako ongizate maila hobea bermatzeko tresna moduan erabili behar baita”. “Harritzekoa da hortaz”, gaineratu du, “nafarzale, edo are gehiago, navarrísimo bezala bere burua duen UPN bezalako alderi batentzako, horrelako proposamen baten aurrean bere erantzun bakarra Laugarren Xedapen Iragankorra deuseztatzea izatea”.
Era berean, nafar diputatuak “UPNren oportunismoa” salatu du “bere interes alderdikoiak nafar guztion ongizatearen aurretik jartzen baititu” eta erregionalistei gogora arazi die “ez direla nafar bakarrak eta inor ez dagoela eurek bezala pentsatzera behartuta”, horregatik azpimarratu du “heldua den hiritargoak askatasunez eta demokratikoki erabakitzean datzala koska, eta ez euren eskubideak murriztean”. Arrazoi horiengatik Serrano Izkok UPNri eskatu dio “nafarrak izutu ordez, Nafarroa gehiago defendatu dezala PP eta bere Gobernuaren kolpe berzentralizatzaileen aurrean”.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.