Serrano Izkok, gaur Montorok aurkeztutako Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektua “ez dela sinesgarria eta ez duela kalitatezko enplegua sortzeko balioko” salatu du, bai eta Gobernuari eskatu politika ekonomikoan aldaketa egin dezan “ezberdintasunaren areagotzeari aurre egin ahal izateko neurri eraginkor eta zehatzekin, kalitatezko lan postu duinak sortzea ahalbidetuz ezegonkortasunaren, denborazkotasunaren eta denbora zatituko enpleguen aurrean, bitartean epe luzeko langabeziak maila onartezinak dituelarik”.
Kongresuan Geroa Baiko diputatuak “makro datuez baliatu izana” salatu du ministroa, “adierazle ekonomiko jakin batzuk erabiliz hobe gaudela sinestarazteko, errealitatea beste bat izanik; milioika hiritar eta familiek zailtasun larriak dituztela hilabete amaierara iristeko edota orain dela urte batzuk baino okerrago bizi direla alegia”. Serrano Izkok Gobernuari aurpegiratu dio “aurretik baztertuta zeuden sektoreak etsipenean murgildu” dituela, eta ziurtatu du “aurrekontu hauek klase ertaina eta langileena pobretzen jarraituko duela, PPri esker gero eta ahulagoak direnak hain zuzen ere”.
Nafar diputatuak nabarmendu du “austeritatean oinarritutako Rajoyren politikak, hiritarrak krisialditik irteteko balio ordez, askorentzat txirotasun handiagoa eta ezberdintasun sozial gehiago ekarri duela”. Halaber, PPk “gehiengoaren poltsikoetan nabarituko ez den benetako suspertze ekonomikoa ez duela bilatzen, baizik eta gutxi batzuen onura, ezberdintasuna sustatuz eta kohesioa arriskuan jarriz” deitoratu du, bai eta ziurtatu “horrela jarraitzekotan, Geroa Bai aurrean edukiko duela”.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.