Kongresuan Geroa Bairen diputatu Bixente Serrano Izkok Exekutibo zentrala “nafarrontzako kaltegarri” bezala jo du, “Estatuak abian jarritako prozesu berzentralizatzaileak gure eskubide historikoak eta ongizatea arriskuan jartzen baititu”.
Ikasturte politikoaren balorazioa egiteko Mariano Rajoy presidentearen agertzearen ondoren, Geroa Bairen ordezkariak adierazpen batetan ziurtatu duenez bere alderdia “beti egongo da prest autogobernua defendatzeko, hiritarrentzako bizitza hobea bermatzeko tresna baita”.
Serrano Izkok “negargarritzat” jo du Mariano Rajoyk egindako politika eta ustelkeria Gobernuko presidentearen “konpondu gabeko arazoetako bat” dela esan du. “Murrizketek, berzentralizazioak eta gizarte zein lan eskubideen galerek markaturiko legegintzaldia” izan dela esan du.
Serrano Izkok esan duenez, “PPk bere gehiengo osoa erabili du, krisialdiaren aitzakia medio, ezberdintasunak esponentzialki hazi arazi dituen neurriak ezartzeko”. Mariano Rajoyk “estura hiritarren pobretzearekin nahastea” kritikatu du diputatuak, bai eta salatu “erreforma eta murrizketek, defizit publikoa ez murrizteaz gainera, izugarri igotzea eragin duela, krisialdiaren inongo errurik ez duten pertsonengan hain zuzen ere sufrimendu ikaragarria sortuz”.
Kongresuan nafar diputatuak PPri egotzi dio “bertutedun zirkuluak” eta suspertzea ahotan edukitzea “bitartean gehiengoak hilabete amaierara iristeko arazoak dituenean, langabezia tasa altuek bere horretan jarraituz eta sortzen den lan eskasa ezegonkorra, aldi baterakoa eta denbora zatituan denean”.
Serrano Izkok Rajoy salatu du “sinesgarritasun urriko keinu eta promesak” egiteagatik, “orain legegintzaldia amaitzear dagoenean, hauteskundeak irabazi zitueneko programa sistematikoki ez duela bete denean egia bakarra”.
Geroa Bairen diputatuak, “inguruan dituzten ustelkeria kasuen aurrean, hala nola Gürtel, Bárcena edo Púnica, birsorkuntzarako benetako neurri sendoak” eskatu dizkie Gobernuko presidenteari eta PPri. Nabarmendu duenez, “legegintzaldi hau historiara pasako da ustelkeria jardunen azaleratzeagatik, gainbeheratzen ari den sistema baten muinean ustelkeria zein neurritaraino dagoen ezarrita agertuz”.
ESTATUKO AURREKONTU OROKORRAK
Gaur Ministroen kontseiluak onartutako Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektua dela eta, nafar diputatuak azpimarratu du “zehazki ikertzeko denbora egongo dela, baina behinik behin ez dirudite krisialditik ateratzeko ez ezberdintasunekin amaitzeko beharrezkoak diren kontuak”.
Azkenik, Serrano Izkok esan du “ezin dela batasuna inposatu” eta Rajoyri eskatu dio “Katalunian dagoen arazoaren gaineko hausnarketa egin dezala, eta bereziki, katalanen norbanako eskubideak zein kolektiboak errespeta ditzala”.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.