Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra alderdietako ordezkariek akordio programatiko “zabala” itxi dute Uxue Barkosek Nafarroa zuzenduko duen Gobernua osatzeko.
Lau indar politikoak Nafarroako Parlamentuan bildu dira, 08:30ean, eta akordioa adostu dute azkenean.
Akordio programatikoa lau indar politikoen militanteek berretsi beharko dute orain. Exekutiboaren osaketa negoziatzen hasiko dira asteazkenean, Geroa Baiko bozeramaileak zehaztu duenez.
Jarraipen batzordea
Desadostasunak jarraipen batzordean aztertuko dituztela azaldu dute lau indarrek. “Eztabaidatzen eta neurriak hartzen jarraitzeko markoa” da jarraipen batzordea, erantsi dutenez.
Barkosek adierazi duenez, “lanean eman dugun denbora guztia Nafarroan aldaketa gertatzeko inbertitu dugu, nahiz eta Gobernuaren osaketa atzeratu”. Geroa Baiko presidentegaiaren ahotan, aldaketa “zimendu sendoekin egin behar dugu”.
“Sanferminen ondoren”
Barkosek azaldu duenez, akordio programatikoa “aurrera eramango duen gobernuari forma emateko aprobetxatuko dute negoziazioen azken txanpa”. Gobernu berriaren inbestidura “sanferminen ondoren” izango dela gaineratu du Gero Baiko presidentegaiak.
Gaur adostutakoa ikusita, “aurrekontuetan akordioa lortzea posible da”, adierazi du Barkosek.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.