Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdietako ordezkariek bilera egin dute goizean, Nafarroako Gobernu berria osatzeko akordioaren inguruan hitz egiteko. Azken egunotan asko aurreratu dutela eta itun programatikoa ixtear dutela esan dute alderdiotako ordezkariek. Dena dela, hasierako asmoa Sanferminetarako gobernua osatzea baldin bazen ere, uste baino gehiago luzatzen ari dira, eta, ondo bidean, festak igarota, uztailaren 20ko astean osatuko dute Nafarroako Gobernu berria.
Hala jakinarazi dute taldeetako bozeramaileek eskaini dituzten prentsaurrekotan. Gaur arratsaldean ere, lan-taldeak bilera egingo du, eta datorren asterako ere jarri dituzte hitzorduak. Hainbat puntutan dituzten desadostasunak datorren astean bertan bideratuko dituztela ez dute zalantzarik.
Behin hori egindakoan, Gobernu berriaren ezaugarriak eta osaketa finkatuko dituzte. Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak esan duenez, "gobernua osatzeko legeak ezarritako epemuga baino askoz lehenago osatuko dugu gobernu berria, ez du zalantzarik". Legearen arabera, abuztuaren 24rako osatuta egon behar du Nafarroako Foru Gobernuak. "Akordio zabala" erdiesteko taldeek egindako "lan emankor eta bikaina" nabarmendu ditu Barkosek.
(EITB.COM)
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.