Nafarroan, Adaketaren Gobernurako Geroa Bai, EHBildu, Podemos Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren arteko hastapeneko akordioak

Erabiltzailearen aurpegia Geroa Bai 2015ko eka. 16a, 00:00

Ahal Duguk hartuko du datozen lau urteetan Nafarroako Foru Parlamentuko Presidentetza, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak Nafarroan aldaketa gauzatzeko lortutako akordioari esker.

Akordioaren arabera, bestalde, Geroa Bairen esku geratuko da Foru Parlamentuko Mahaiko Presidenteordetza, eta EH Bilduren esku, Idazkaritza Nagusia. Hala, karguak taldeen artean banatuta, denen kontrolpean egongo da Mahaia.

Maiatzaren 24ko hauteskundeen ostean, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak abiatutako negoziazioen ondorioz iritsi da akordioa. UPN agintetik kendu eta Nafarroako Gobernuan aldaketa bermatzea izan da alderdion helburua.

Asteazken honetan, 11:00etan, osatuko da Nafarroako Parlamentua.

Kontu-ikuskapena

Bestalde, “herritarren parte-hartzearekin kontu-ikuskapena” egiteko proposamena jaso dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak akordioan.

Lau aldeko hirugarren bilera egin eta gero zirriborro bat argitaratu dute. Geroa Baik igorritako agiriak orain arte adostutakoa biltzen du. Birsorkuntza demokratikoa, gardentasuna, parte-hartzea eta ustelkeriaren aurkako borroka “lehentasunak” direla dio zirriborroak. “Herritarren zerbitzura” dauden erakunde “barneratzaile, garden, zorrotz eta eraginkorren” aldeko apustua egin dute.

Kontu orokorren egoera zehatza ezagutzea beharrezkoa dela uste dute. Zentzu horretan, Foru Erkidegoaren zorra eta hartutako konpromiso ekonomikoak zenbatu beharko dituztela azaltzen du dokumentuak.

Bake, memoria eta giza eskubideen defentsarekin, konpromisoa

“Bake, memoria eta giza eskubideen defentsarekin erabateko konpromisoa” hartu dute lau alderdiek: Terrorismoaren Biktimak Laguntzeko 2010eko foru legea, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako biktimei kalte-ordaina emateko 2015eko foru araua eta 1936ko estatu-kolpean hildako nafarren kalte-ordainerako 2013ko foru legea betetzea.

“Mendekurik gabe” nafar guztien arteko “bizikidetza lortzeko aldaketa barneratzailea” lehentasunen artean aipatzen du zirriborroak; “kalitatezko” lanpostuak sortzea; oinarrizko zerbitzu publikoen defentsa eta pobrezia, bazterketa eta desberdintasunen kontrako borroka.

 Klikatu hemen  akordioaren dokumentua irakurtzeko

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!