Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E-rekin lauko bilera egin ostean, Geroa Bairen hautagai Uxue Barkosek kazetariei egindako adierazpenetan nabarmendu du bileran “Parlamentuko Mahaiak Ganberaren aniztasuna islatzeko eta ordezkaturik dauden gehiengoen jokoarekin bat egiteko bokazioa agertu dutela talde guztiek”.
Parlamentuko Presidentzia nork hartuko duen galdetuta, bere nahia Geroa Bairengan egotea dela erantzun du, “Aldaketaren lehen indarra” baita, baina azpimarratu du ez duela “inolako eragozpenik” jarriko “beste indarren batek hartzen badu, Nafarroako errealitatea eta aniztasuna ahalik eta hoberen ordezkatuko dituen oreken arabera, beti ere datorren ekintza exekutiboaren inguruko gutxieneko akordioetan oinarrituz”.
Bestalde, bileran Geroa Baik koalizioaren programa abiapuntutzat duen lan dokumentu bat aurkeztu die gainontzeko alderdiei, ekintza exekutiboaren gaineko proposamenekin eta aldaketaren alde dauden gainontzeko alderdien ekarpenak jasoz.
Dokumentuak, Uxue Barkosek bileraren ostean azaldu duenaren arabera, “ondorengo garapen sektoriala” behar du, “legegintza-garapenean zehaztasun handiagoa izango duena”, baina, bere iritziz, “materia nahikoa eta ugaria da datorren legegintzaldiko akordiorako”.
Horrela, Barkosek azaldu duenez, bileran “programa akordioak izan behar duenaren analisi lanak” hasi dira, lan “nekeza” eta Uxue Barkosen aburuz “inolako presarik gabe” egin beharrekoa, baina “etenik gabe, indartsu eta erritmoz”.
“Horretan asmo handieneko taldea galera uste dut”, nabarmendu du Geroa Bairen hautagaiak, “aldaketaren aldeko apustua egin duten hiritarrek, presarik gabe landutako baina premiazkoa den programa akordioan datzan erantzuna merezi dute”. Bileran batzorde sektorialak sortzea adostu dute, programa akordioaren negoziaketan aurrera egiteko.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.