Barkosek benetako aldaketa eraginkor, lasaia eta sakona aldarrikatu du Tuteran

Erabiltzailearen aurpegia Geroa Bai 2015ko urr. 5a, 00:00

Nafarroako Gobernurako Geroa Bairen presidentegaia Uxue Barkosek, gaur eguerdian Tuteran burututako ekitaldi politikoan aldaketa “eraginkor, lasaia eta sakonaren” aldeko aldarria egin du, izan ere, haren aburuz, “nafar jendarteak gauzak beste era batera egingo dituen gobernua behar baitu, krisiari aurre egin eta irtenbideak bilatzeko”.

Gauzak horrela, Barkosek esan bezala, “aldaketa ilusioz jorratu beharra dago eta, ezinbestean, gizartetik abiatuko da”. “Geroa Bain benetako aldaketa eraikiko dugu, ilusioz eta beharrezkoa den sakontasun eta zorroztasunarekin, kultura politiko berri bati bide emanez”, ziurtatu du.

Era berean, Barkosek Tuteran ozenki adierazi duenez, “banandua eta bitan hautsia dagoen Nafarroaren irudi eta ideiari aurre egin behar diogu, azken batez, hura baita UPNk, oso modu interesatuan, urtetan jorratu izan duen irudi okerra”. 

Ildo beretik, Geroa Bairen zerrenda buruak urteetan egin izan den euskararen erabilera politikoa kritikatu eta salatu du eta, behingoz, “Nafarroa osoan euskara gure hizkuntza badenaren ohorea berreskuratzeko garaia” badela azpimarratu du. “Europak eskain ditzakeen aukeraz” eta “gazteriak oraina sustatu eta geroa eraikitzeko lagundu eta babestearen inguru” ere aritu da. Horri guztiari, ezinbesteko beste osagai bat gehitu dio, hots, “gure autogobernuaren defentsa erabatekoa”. Horren kontura, beste hainbat alorretan bezalaxe, UPNren kudeaketa kaskarra salatu du, “PPren politika errezentralizatzaileak onartu baititu erabat”. “Horregatik guztiarengatik”, esan du, “gure autogobernua defendatzeko gai den gobernua behar dugu, Madrilen aurrean, edozein tokitan nafar guztion eskubideak babesteko gai izango dena”.

Batera, Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan bigarren den Manu Ayerdik Erriberak langabeziari dagokionez bizi duen egoera larria aztertu du. “Bidean pertsonak uzten dituen Nafarroa ez dugu onartuko”, abisatu du. “Nafarroaren garapen ekonomikoa, kohesio soziala eta ingurumena aintzat hartuko dituen aldaketa sustatzea da Geroa Bairen helburua”, ziurtatu du NBBko presidentea den Manu Ayerdik.

 

Osorik irakurri

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!