2011ko azaroan egindako Nabarreriako Hitzarmenaren aldeko aldarria egin du gaur Nafarroako Gobernurako presidentegaia Uxue Barkosek. Bertara itzuli da Gazteok Baiko gazteek lagunduta eta bertan, gazteek politikan duten papera eta zeresana nabarmendu du, “gure geroaren oinarri baitira, gure orainaren sustatzaile diren gazte hauek”, esanez.
Topaketan bat egin dute Gazteok Baiko gazteek, bai eta Iruñeko Udalerako eta Nafarroako Parlamenturako hautagai zenbaitek ere. Horretan, Barkosek azpimarratu nahi izan du gazte hauek proposatu berri duten “Emantzipazio Legea izanen denaren zirriborro zorrotz, borobil zein beharrezkoa”. “Hauxe da gazteria politikan erabakiak hartzeko nahitaezko subjektua denaren adibiderik argienetako bat”, gaineratu du.
Garapen adimentsua, integratzailea eta jasangarria da lege zirriborro horren ardatza, prestakuntza eta hezkuntzan, enpleguan eta etxebizitzan gazteek dituzten beharrak zehaztuz eta horiei erantzunak emateko proposamenak luzatuz.
Gazteok Baiko kide eta Nafarroako Parlamenturako hautagai Jokin Castiellak gazteei zuzendu die mezua eta Geroa Bairentzako botoa eskatu die: “begirale pasibo izatetik, eragile aktibo izatera egin behar dugu salto. Gure botoarekin eraikiko dugu alternatiba”.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.