Nafarroako Lehendakaritzarako Geroa Baiko hautagai Uxue Barkosek, urtebetez ez ohiko lanpostu sortze programa abian jartzea proposatu du, finantziazioa foru Gobernuko Sailen aurrekontuetatik %0,5a estutuz lortuko delarik, horrela 800 eta 1.000 lanpostu ingururen sortzea lagunduz.
Barkosek prentsaurrekoan aurkeztu ditu enplegu arloan koalizioak eramango dituen proposamenak datozen foru hauteskundeei begira, eta hau “talka-neurri aringarria eta aldi baterakoa” izango dela azaldu du, urtebetez egingo dena eta epe luzera mantenduko ez dena alegia.
Azaldu duenez, sortuko diren enpleguak, finantzazioa emango duen Sail bakoitzaren arloari lotuta egongo dira. “Osasun Saileko aurrekontuko %0,5az hizketan bagaude, sektore indartsuenetariko bat alegia, indartsua izan behar duen sektore baten inguruan ari gara, noski, eta beraz bertan enplegua sortuko da. Gastu gehien egiten dugun lekuan, diru gehiago izango dugu enplegua sortzeko” azpimarratu du.
Talka-neurri horietan, Geroa Baik I+G+B arloko jardueren sustapenean zorpetze handiagotze ahalmenaren %75 hitzartzea proposatzen du, akonpainamendu eta aholkularitza estrategiko, bai eta enpresa txiki eta ertainen kudeaketarako, eteeen (pyme) nazioarteko bihurketarako, eta bideragarriak diren eta finantza zailtasunak dituzten enpresak onera ekartzeko programa baten baitan.
Zorpetze handiagotze ahalmenaren gainontzeko %25, bereziki behar duten langabetuei egongo da zuzenduta funtsean. Halaber, Geroa Baik 150 milioi euroko abal linea irekitzea proposatzen du etee-entzako kapital zirkulatzaileari zuzenduta.
Talka neurri hauetaz gain, koalizioak epe ertain eta luzera Lan Ikuskaritza arloan, Gizarte-Segurantzaren kudeaketan eta enplegu politika aktiboetan eskumen osoa bereganatzea planteatzen du.
Halaber, Uxue Barkosek “I+G+B-aren sustapenean, Lanbide Heziketan eta gure enpresak nazioarteratzearekin bere konpromiso estrategiko eta aurrekontuekikoa” aldarrikatu du.
Azken puntu honen inguruan, Barkosek esan du beharrezkoa dela “Nafarroa Europa polizentrikoan, lehentasunezko tokian jartzea”, eta azpimarratu du, epe motzera begiratuz ere, Foru Komunitatea, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Akitania dauden Euroeskualdearen parte izan behar duela.
HEZIKETA INDARTU
Bere aldetik, Geroa Bairen Parlamentuko zerrendak bigarren Manu Ayerdik erreparatu du Nafarroak dituen 48.000 langabetuetatik 40.000 inguruk ez dutela heziketarik, derrigorrezko hezkuntzaz gain.
Horrela, “pertsonok DBHz gain heziketa gehiago behar dutela funtsezkoa da” azaldu du, eta Lanbide Hezkuntzan dela “Europarekiko alde handia dugun arloa, eta horregatik gure ikusmoldearekiko eta nahi dugun Nafarroarekiko oso LH koherentea behar dugu” nabarmendu du.
Halaber, Manu Ayerdik “enplegu politika aktiboen diseinuan Nafarroak zinez lidergoa” edukitzearen aldeko apustua egin du, eta gaur egun UGT, CCOO, CEN eta Gobernuaren beraren adostasuna beharrezkoa dela lehentasunak erabakitzerako orduan azaldu du, eta Geroa Bairen iritziz horrek ez luke horrela izan behar.
“Ez zaigu gustatzen Gobernuak nahitaez agente ekonomiko eta sozialen adostasunaren mendeko izatea politika hauek ezartzerako orduan. Oso ongi deritzogu akordioa lortzen saiatzeari, baina ezin dena da Gobernua agente guztien adostasunaren lorpenaren menpe egotea” azaldu du.
LANGABETU KOPURUAREN INGURUKO KEZKA
Hauteskundeetarako planteamendu zehatzez gain, Uxue Barkosek Nafarroan langabetu kopuruaren inguruko bere kezka agertu du, nahiz eta Komunitate mailan langabezia tasa %15 den, Sakanan eta Erriberan %20 dela gogora araziz.
Horren ondoren, azpimarratu du “giza garapen jasangarrian, lehiakortasun ekonomikoan, gizarte eta lurralde kohesioan eta ingurumenaren zaintza orekatuan oinarrituriko Nafarroaren ikusmolde estrategiko eta elkar banatua” finkatuko duen enplegua sortzea beharrezkoa dela.
Uxue Barkosek industria aitzindaria, energia berriztagarria, osasungintza eta honi loturiko zerbitzuak, lehen sektorea eta elikadura nekazaritza, turismo integrala, eta zeharkako elementu gisa teknologia berriak eta zerbitzu aurreratuak zerrendatu ditu giltzarri diren arlo estrategiko moduan.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.