Aberri Eguna, Euskal Aberriaren Eguna nafar askok maite, sentitu eta elkar banatzen dugun nortasun baten aldarrikapen eguna. Denbora luzeegiz ahotsa ukatu zaien nafar horiena bai eta ordezkatzen zituztela zioten gobernuek bizkar eman eta kontra egin dieten horiena. Herri honetako abertzale eta euskaltzaleek imajinaturiko eta irrikaturiko etorkizun proiektuaren aldarrikapena da, noski, datorren aldaketaren eskutik, azkenik, euren ideiak errespetatuak izatea eta direna bezala senti daitezela nahi dutenena: bakean eta askatasunez, sentitzen diren bezala bizi eta nola bizi nahi duten defendatu nahi duten nafar batzuen ideia.
Data honetan, Geroa Baitik, gure koalizioaren jatorrian dagoen ideia bat azpimarratu nahi dugu, Aberri Egunaren testuinguruan zentzu handiagoa hartzen baitu: «Nafarroa subjektu eta ez objektu». «Nafarroa subjektu bezala» ulertzea ideia demokratiko garbia delako eta nafarrek askatasunez euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela esatea baita. «Nafarroa subjektu bezala» aitorpenak, subjektu politikoaren inguruan dakar eztabaida eta sentitzeko modu zehatz bat defendatzerako orduan pertsonen ahalduntzea aldarrikatzen du.
«Nafarroa subjektu bezala» aitorpena gure lurrari objektu bezala eman zaion erabileratik aldentzen da, inori galdetu gabe, nafar izateko modu zuzena zegoela, Nafarroan egon, pentsatu eta bizitzeko era zuzen bakarra zegoela erabaki duen nafar erregionalismoz mozorroturiko nazionalismo espainiarrak truke-txanpon bezala eman diona alegia. Eta, nola ez, «Nafarroa subjektu bezala» aitorpena pertsonak objektu bezala begiratzetik aldentzen da, gorentzat hartzen den ideia baten defentsan peoi gisa erabiltzen eta ideia horregatik juxtu ideiak defendatu eta babestu behar dituztenak sakrifikatzeraino: pertsonak.
Subjektu politikoaren aldarrikapenak bere nortasuna edo nortasunak erabakitzeko eta norberarentzako edota gainontzekoentzako eta ondoren etorriko direnentzako nahi den etorkizun proiektua imajinatzeko pertsona bakoitzaren eskubidea defendatzen duelako. Geroa Bairen abertzaletasunak eta euskaltzaletasunak ez dituztelako zer pentsatu, nola sentitu eta euren oraina eta etorkizuna nola antolatu behar duten hiritarrei esaten dieten aurretik existitu ziren nazioen eskubideak defendatzen. Geroa Bairen abertzaletasunak eta euskaltzaletasunak ez dute euren nortasuna askatasunez erabakitzeko nafar hiritarren eskubidea ukatzen, ez eta kolektibo baten zati izatekoa ere. Tradizionalismoa da, zeinu batekoa zein bestekoa –nazionalismo esentzialista zaharkitua eta iraganean ainguratutakoa defendatzen dutenena bai eta ustez nazionalistak ez diren jarreren atzean ezkutatzen dutenena – nazioak borondate propiodun izaki moduan ulertzen duena bere hiritarren iritzia alde batera utzita. Tradizionalismoa, hiritarrak (batzuetan obedientziara behartutako mendeko bezala eta ez pertsona aske bezala ikusten dituena) politikoki antolatzeko beste modu bat defendatzerako orduan ero bilakatu daitezkeela uste duena da. Tradizionalismoa Historiaren morroi egin nahi gaituena da, zer izan nahi dugun eta norantz joan nahi dugun galarazten digun iraganaren zamarekin.
Horren aurrean, Geroa Bairen abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna XXI mendean kokatzen dira eta nola sentitzen eta bizitzen duten euren nortasuna adierazteko nafar gizabanakoen, nafar hiritarren eskubideak defendatzen ditu. Euren errealitatea ulertzeko moduari erantzungo dion etorkizuneko proiektu politikoa eraikitzeko eskubidea eta libre eta demokratikoki, eta ondorio guztiekin subjektu politikoa direla erabakitzeko eskubidea defendatzen ditu. Horren aurrean, Geroa Bairen abertzaletasunak eta euskaltzaletasunak etorkizunaren aldeko apustua egiten du, nafar hiritarrek politikagintzaren bidetik eraikitzea erabakiko duen etorkizunaren aldekoa.
Agerikoa da XXI mendean nazio sentimendua ezin dela XIX mendean izan zenaren berdina izan. XXI mendeko jendarte demokratikoak nabarduretan aberatsak eta konplexuak dira, moldatutako nortasun anitz eta aldakorren gainean eraikita. Hala ere, errealitate hau onartzeak ez dio indarrik kentzen, ez eta gutxiago zilegitasunik, beste hiritarrekin batera nazio baten parte sentitzeari. Nazioak subjektu kolektibo bat osatzen duten norbanako subjektuen batura dira, ez alderantziz. Ez dago denboraren amildegietan bizia hartu eta pertsonen nortasuna eratzen duen izaki naturalik, pertsona horiei euren nortasuna sentitzeko modu zuzena zein den besterik gabe esaten diena. Ez da ezta ere existitzen pertsonak alde batera utziz bizi propioa hartzen duen lurralderik, ez baita lurraldea nazioa eratzen duena baizik eta pertsonak lurraldeak eta nazioak sortzen dituztenak, balore batzuk, sentimendu bat eta mundua ikusteko modu bat elkar banatzen dituzten pertsonak, baina bereziki etorkizuneko proiektu politiko baten barnean egon nahi duten pertsonak.
Horregatik guztiagatik, Geroa Baitik Aberri Egun honetan nafar guztiek euren nortasuna askatasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, inolako inposaketarik gabe, Nafarroa subjektu politiko bezala errespetatuz eta nafarrei errespetuz, denei, bazterkeriarik gabe. Hori ere Nafarroa bere onera ekartzea baita.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.