Geroa Baik argibideak eskatu dizkio Osasun Sailari “pasa den ostiralean Iruñeko Alde Zaharreko Osasun Zentroa pediatria arretarik gabe geratu zela jakin ostean”. “Zentroko adin txikikoez arduratzeko mediku pediatren gabeziak aldez aurretik adostutako hitzordu guztiak ezeztatzea eragin zuen eta hitzordu berriak hitzartzea ezinezkoa izan zen” azaldu du koalizioak.
“Mediku faltak kasu ugari Larrialdi zerbitzuetara desbideratu behar izan ziren, horrela beste modu batetan antolaturiko zerbitzu horren masifikazioa eragiten delarik” adierazi du Patxi Leuzak, Geroa Baiko parlamentariak.
Geroa Baiko parlamentariak “Osasun sailaren aurreikuspen falta” salatu du eta azkenean “ahulenak” direla “egoera hau pairatzen dutenak, kasu honetan umeak eta haien familiak” azpimarratu du. “ Ez da Osasun zentro honetan egoera hau gertatzen den lehen aldia, 2014 urtean zehar ere zentro hau hainbatetan geratu baitzen pediatria arretarik habe” deitoratu du Leuzak.
Egoera honen aurrean, koalizioak idatzizko galdera erregistratu du Parlamentuan Nafarroako Gobernuak beharrezko argibideak eman ditzan. Zehazki “zeintzuk izan diren Alde Zaharreko Osasun Zentroan gertaturiko ezustekoen arrazoiak” galdetu du Patxi Leuzak, eta “ba ote duen Osasun sailak Pediatria zerbitzu normalizatu bat bermatzeko gaitasuna”.
Gainera, Geroa Baiko parlamentariak jakin nahi du “zein prozedura jarraitzen duen Osasun sailak, osasun zentroetan pediatria saileko baja edo ordezkapenak estaltzeko, Osasun sailak ba ote duen ordezko pediatren zerrendarik, bai eta zein beste osasun zentrotan gertatu diren desbideratzeak pediatria arretan beste osasun zentroetara, langileak ordezkatu ezin izanagatik”
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.