Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosek, Gobernu zentraleko presidente Mariano Rajoy salatu du gaur, bere Gobernuaren azken lau urteotan “Nafarroari ogia eta gatza ukatzeagatik”.
Politika orokorreko debatearen bigarren jardunaldian zehar, Barkosek Rajoyri “akordioaren bitartez eta lege erreformaren bidez konpon zitezkeen garrantzi handiko gaietan Konstituzionalean aurkeztutako hamabost helegite egitea eta %70 baino gehiagoko aurrekontu inbertsioen murrizketa, nahiz eta orain, azken urtean, zuzendu nahi izan” aurpegiratu dio, bai eta “nafar Hitzarmena argiki deuseztatzen duen energia ekoizpenaren gaineko zergaren inguruko gatazka” ere.
Halaber, Geroa Baiko diputatuak “Pirinioetako Autobia bezalako funtsezko azpiegiturekiko konpromisoekin ez betetzea” gaitzetsi du “nafarrok ordaintzen dugun itzalpeko bidesaria zigortzen duelako, Gobernu zentralak bere zatia ez egitearen erabakiak hasierako akordioa garestiago egiten baitu”.
Era berean, Barkosek “Esako urtegiaren handitzearen inguruan gardentasun, konpromiso eta argitasun falta” kritikatu du, eta “segurtasun ezean, Gobernuaren erantzuna isiltasuna eta Foru Ganberak eskatu bezala nafar Parlamentuan bere ordezkariaren ez agertzea” gaitzetsi ditu.
“Ofizialki inoiz onarturiko, baina are gutxiago ukaturiko, euskarazko hezkuntza publikoko ereduen inguruko polizia txostenak ikusi ditugu, bai eta beharrezkoak ez ziren eta egoera larritzea beste helbururik ez zuten BEZaren inguruko pultsuak, kulebroi juridiko eta instituzionalen ondoren zuek konpondu dituzuelarik hauteskunde bezperarako garaiz” salatu du Barkosek.
“Eta orain –jarraitu du- kantitate orekatzaile xumea kobratzen zuten 700 familiei, iraupen luzeko langabetuen diru-laguntzak ordaintzeari utzi diezue”.
Modu berean, Kongresuan Geroa Baiko eledunak “asmo handiko industrializazio plan ezean ematen den deslokalizazioa” deitoratu du, eta Faureziako langileek bizi duten egoera latza gogoratu du.
“Rajoy jauna, hau baldin bada Nafarroa defendatzeko zure ideia, uztazu, hobe baikaude bakarrik hain gaizki lagunduta baino” esan du.
MAKRO DATUAK
Bestalde, Geroa Baiko diputatuak Gobernuko presidenteari gogoratu dio “krisialdian jarraitzen dugula, nahiz eta zu errefaua makroekonomiaren hostoetatik hartzen tematu”.
Barkosen aburuz, makroekonomia garrantzitsua da errealitatea aztertzeko, baina diagnostiko bat egiteko erreferente bakartzat hartzea “ez da bidezkoa”.
“Rajoy jauna, ez dizut ezer berririk agertzen esaten badizut makroarekin ez dela jaten, baina oroitarazten dizut badirudielako ahaztu egin duzula” aurpegiratu dio Barkosek Gobernuko presidenteari.
Horrela, Barkosek azpimarratu du, beste zenbait gaien artean, 2011an langabezian zegoen biztanleria aktiboa %23 zela, gaurko %23,7aren aurrean, bai eta gazte langabezia tasa areagotu dela nabarmendu, 2011an %46 izatetik gaurko %51,8 pasa delarik.
Era berean, Kongresuan Geroa Baiko bozeramaileak galdetu du ea azken urtean espainiar ekonomiaren hazkuntzak baduen zer ikustekorik soldaten murrizketekin, “INEren arabera, soldata berriak aurrekoak baino %40 baxuagoak” baitira.
Barkosek Gobernu zentralaren herstura politikak kritikatu ditu eta defizitaren txikiagotzea “murrizketen bitartez iritsi dela eta ez diru-sartze berrien bidez”. “Zure herstura politiken arrakasten aurrean gaudela ziurtatu dezakezu?”, aurpegiratu dio Barkosek Rajoyri.
Azkenik, Barkosek bere mintzaldia euskaraz amaitu du, euskarak Diputatuen Kongresuan debekaturik jarraitzen duela salatzeko eta horrela, Ganbera honetan hizkuntza koofizialen erabilera defendatzeko.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.