Martxoaren 8, Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela eta, Geroa Baik “gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko bere konpromisorik sendoena” agertu du.
Geroa Bairen aburuz “nahitaezkoa da gizarte zuzen eta berdintasunezkoa lortzeko lan egitea” eta esan du “genero berdintasunaren inguruan ekintza politikoa nahitaezkoa dela giza garapen demokratikorako eta emakumezkoen hiritartasun osorako”.
Halaber, koalizioak ohartarazi du krisialdiak familiengan izan duen eraginak “bereziki emakumeak zigortu dituela”. “Datuak urtetik urtera kezkagarriak izaten jarraitzen dute, Nafarroa gizon eta emakumeen arteko soldata ezberdintasunean buruan baitago Estatu mailan”, oroitarazi du koalizioak. Zehazki, foru Erkidegoa bigarren postuan dago, soldaten ezberdintasuna %29,59 izanik.
Bestalde, Geroa Baik gogorarazi du “emakumeen aurkako bidegabekeriak eta bazterkeriak esparru gertuenean jarraitzen dutela, eta zorigaitzez belaunaldi gazteenetan ere jarraitzen du”. Iaz 18 urtez beherako gazteek egindako bortizkeria matxistari loturiko 92 salaketa izan ziren, %45ko gorakada alegia. Horregatik, koalizioak “baloreetan eta berdintasunezko giza jarreretan, pertsonen arteko errespetuan eta giza eskubideen defentsan eta gazteengan arreta berezian oinarritutako hezkuntza eredu” baten aldeko apustua egin du.
Koalizioaren arabera, “erasoak eta jarrera sexistak ez dira jokamolde isolatuak, baizik eta emakumeen aurka haurtzarotik eta bizitza osoan zehar bortizkeria jardutea posible egiten duen sistemaren zati bat, haien segurtasuna, askatasuna eta gaitasuna erasoz”. “Oraindik, tamalez, badira gure gizartean jokamolde hauek onartu eta legitimatzen dituen hamaika jarrera eta jokabide” deitoratu du.
Geroa Baik azpimarratu du “asko dagoela lan egiteko berdintasun arloan lorturiko eskubide eta garaipenenetan atzerapausoak ekiditearren, eta horregatik da inoiz baino beharrezkoagoa Administraritza Publikoak jaramon egiteari utzi ezin diezaiokeen esparruan beharrezko neurriak hartzea eta baliabide ekonomikoak inbertitzea”.
Horregatik guztiagatik, Geroa Baik iragarri du Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta antolaturiko ekitaldiekin bat egiten duela, eta herritargoa mobilizazioetan parte hartzera animatu du, gizon eta emakumeen arteko eskubide eta aukeretan berdintasun eraginkorra aldarrikatuz.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.