Salto biopolitikoak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2021ko eka. 1a, 12:20

Argazkitik begietara salto egin dit: hara! Mari Luz Esteban. Mari Luz Esteban antropologoa, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Liburu bat du eskuan berak, eta aurrean beste lau emakume dauzka: Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide, Iraia Elias eta Jurdana Otxoa, Metrokoadroka kolektiboko aktoreak lauak. Kontua da Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua poema liburua performance bihurtu dutela. Idazlearen hitzetan, “subjektu anizkoitza da andrezaharra; adineko emakume askoren ezaugarriak biltzen ditu”. Eta hala da. Baina liburua, ez ahaztu, manifestu bat da; eta hizkera poetikoa darabilen arren, aldarria du ardatz: zahardadea modu kontziente, bete eta duinean bizitzeko aldarria. Bihar, Iruñean emango omen dute saioa. BERRIAren hurrengo orriko argazkian, salto egiten duena Andoni Mutiloa da, Esnatu naiz ikuskizunaren egile eta protagonista bakarra; salto zentzu literalean egiten du argazkian Mutiloak, hankak zabal-zabalik, eta zorua han behean utziz. Andoni Mutiloak beste salto bat ere egina du: Euskadi Irratiko mikrofonoetatik eszenarioetara, kabareta egitera. Arantzazu Fernandez Iglesiak kritikariak Antzerki biopolitikoa etiketaren baitan sartu ditu Mari Luz Estebanen eta Andoni Mutiloaren ikuskizunak, azken urteotako beste hainbat obrarekin batera. Adi antzerki biopolitikoari!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!