Nafarroako Museoan

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2021ko mai. 25a, 12:38

Panel zuri-zuriak zirrimarra gorriz margotuta: odola izara gainean? Lau panel daude alde batean, eta bakarra bestean, eta tartean sigi-saga doan ispilu borobilezko bidea ikusten da. Gentz del Valle artista bizkaitarrak Nafarroako Museoko kaperan daukan erakusketako argazkia da, Jone Rubiok egindako kritika ilustratzen duen argazkia. Joan den larunbateko Berrian ere hizpide izan zen Gentz del Valleren Basati erakusketa, Ane Eslavak sinatutako erreportajean. Orduan Muda artelana ageri zen argazkian, suge baten azal mudatua irudikatzen duen pieza. Kontua da Gentz del Vallek bere egin duela kapera eta berrinterpretatu egin duela; bataiarritik hilarrirainoko bide iradokitzailea eginarazten dio bisitariari. Joan den ostiralean izan nintzen Nafarroako Museoan. Gerardo Lizarragaren erakusketara gindoazen ahizpa eta biok, eta hara non topo egin genuen, ezustean, Gentzen erakusketarekin; ahizpak ikaskidea izan zuen artista eta nik erreportaje bat egin nion noizbait. Gentzen erakusketatik Gerardorenera pasatu ginen, beraz. Lizarragarenean pertsonaiaren eta bere obraren modernotasunak harrapatu gintuen erabat. Haren ibilbidea Nafarroa errekete eta atzerakoiaren ifrentzua eta salaketa erabatekoa gertatzen da. Kasu honetan ere berrinterpretazioa dago: ezinbestean exiliatu behar izan zuen jende aurrerakoi eta konprometituaren testigantza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!