Ezohiko adierazpenak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2021ko mai. 4a, 14:32

“Neurriekin lasaitu garen bakoitzean, hanka sartu dugu”. “Izurri honetan maiz ospatu dugu garaipena behar baino lehenago”. Bi izenburu horiekin dator BERRIAn Ion Orzaizek Nafarroako Osasun zuzendari nagusiari egin dion bi orri beteko elkarrizketa. Argazkiak ere bi dira, bata azalean eta bestea barruko orrialdeetan. Carlos Artundori musukoaren gainetik begi argi gozoak antzematen zaizkio, begiradari eusten dioten horietakoak. Zehatz-mehatz aletzen ditu Osasun zuzendariak pandemiak Nafarroan daraman bilakaerari buruzko ertzak: aldaera britainiarraren pisua, zainzurien kanpainan diharduten langile azpikontratatuen afera, neke pandemikoak eragiten duen prebentzio neurriekiko lasatzea… Baina ikuspegi zabalagoa ere hartzen du elkarrizketatuak, eta horrela, txertogile diren enpresen gorabeherak direla-eta, hauxe dio: “Aintzat hartu behar dugu farmazia enpresen atzean interes komertzial eta geopolitiko itzelak daudela, eta horrela ulertu behar ditugu txertoen inguruko berri eta polemika horiek”. Eta beste baieztapen hau ere egiten du Artundok: “Geure txikitasunaren neurria eman digu izurriak, eta beste gizarte eredu batera jo behar genuke”. Administrazioan goiko postua daukan bati nekez entzuten zaio horrelako adierazpenik. Ni, harritu baino gehiago, poztu egin nau Osasun zuzendariaren diskurtsoak. Aspaldiko ezaguna dut bera. Izan ere, Nafarroako Unibertsitatean ikaskide izan ginen Informazio Zientzien fakultatean, 1971-72 ikasturtean: klaseko delegatua izan zen Artundo; gero, medikuntzara joan zen. Orduan erakusten zuen konpromiso sozialari eusten diola dirudi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!