Ez dago besterik

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko urr. 20a, 11:32

Ia orri osoa hartzen dute BERRIAren azalean Maria Txibite Nafarroako lehendakariaren argazkiak eta hari dagokion izenburuak. Txibitek gorantz altxatuta dauka eskuineko bekaina; ezpainak hitzen bat ahoskatzen; baina adierazgarriena eskuen jarrera da: ezker-eskuin zabalduta, “ez dago beste erremediorik” dioenaren plantan.

Atzo Nafarroako albistearekin ireki zituen Euskal Telebistak Gaur Eguna eta Teleberria. Ondoren etorri ziren Euskadiko Autonomia Erkidegoari buruzko berriak, ez askoz optimistagoak. Irudipena hauxe: nafar Gobernua ausartu da neurri antipatikoak hartzera; Jaurlaritza atzetik dabil, arrastaka.

Bada gaurko BERRIAn beste argazki bat esanguratsua: Berako alkatea, Aitor Elexpuru, bide ertzean, Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen N-121-A errepideko puntu beltzetako batean. Trafiko astuna A-15etik desbideratzea eskatzen ari dira Bortzirietako alkateak, “ezbeharren bat gertatu aurretik”. Azkena, enegarrena, ez da gertatu zaharra.

Ulertezina Nafarroako Gobernuaren eta Gipuzkoako Diputazioaren gorreria. Ez bada, Berako alkateak dioena: autobide bat egin nahi ote duten. Honetan ere ez dago besterik: zementuaren politika agintari, edo “hagintari”, Zakilixutek esango lukeen bezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!