Gaurko BERRIAren azalean Nafarroako argazkiak espero nituen, Iruñeko edo beste edozein hiri edo herritako kale huts tristeak. Eta imajinatzen nuen Laboak eta Ruper Ordorikak kantatzen duten Bernardo Atxagaren testua ondo egokituko zitzaiela. Badakizue, zera dioen hori: “Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak?”. Transzendentziak jota ibili naiz gaur goizean, harik eta ikusi dudan arte BERRIAk, argazkien ordez, grafikoak erabili dituela: PCR positiboei buruzko grafikoak, hain zuzen ere; eta ez Nafarroari dagokiona bakarrik, baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkienak ere. Nafarroako grafikoak maldan gora nabarmen egiten du; Gipuzkoakoak ere, apalago, baina goranzko joera dauka; Bizkaia lautadan ageri da eta Araba bakarrik dago beheranzko aldapa leunean. Maldan gora eta behera, Ahuzkiko mendiekin topo egin dut BERRIAren hemeretzigarren orrialdean. Argazkian, hango ostatu-jatetxe alpinoa, arbelezko teilatu zuberotarrarekin, zurezko mahai eta aulki saila aurreko aldean, mendi horiztatua barrenean... Altzurukun dago Ahuzki. Handik Arbailako basoetara joan daiteke: “Europako pagadirik ederrenetarikoa”, Mikel Arrizabalagak mendi kronikan dioenez. Bi ordu eta erdiko ibilia proposatzen du Arrizabalagak. Irakurtze hutsarekin birikak haize garbiz bete zaizkit. Postal hori opari, “mugaz bestaldeko erresuma”-koei. Badaezpada, argitu dezadan, “mugaz bestaldeko erresuma” kakotx artean doala.