Autoerretratua

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko ira. 29a, 12:22

Argazki bakarra dakar gaur BERRIAk azalean, espazioaren hiru laurdenak hartuz: Torra presidentea ageri da, ez zigorra ekarri dion pankarta handiarekin, kartel txiki batekin baizik. Mezua, funtsean berbera: “Preso politikoak askatu”. Neurriak ez du axola; mezua da, zoritxarrez, iraungi ez dena. BERRIAren hirugarren orrian atzo iluntzeko argazkia: jende andana Bartzelonako kaleetan, Torrari ezarritako inhabilitazioarengatik protestan. Atzo gauean, TVEko 24 Horas-en ez zuten halako irudirik erakutsi. Horren ordez, sutan zeuden barrikadak eduki zituzten pantailan, zuzenean, etengabe, ke usaina zerion Pedro Jota Ramirezen hitzei-eta laguntzeko. Atzo inspiratuta zebilen Espainiako Auzitegi Nazionala. Torrarena nahikoa ez, eta Leioako Gaztelueta ikastetxeko aferan, irakasleari kartzela zigorra hamaika urtetik bira jaitsi diola jakinarazi zuen. Azken batean, bi urteko kartzela beste horrenbeste urtetan ikasle bati sexu-abusu jarraituak egin zizkion irakaslearentzat. Aldi berean, urte eta erdiko inhabilitazioa Kataluniako presidenteari, Generalitateko balkoitik pankarta bat ez kentzeagatik. Atzo, autoerretratu biribila, historikoa, atera zion Espaniako Auzitegi Gorenak bere buruari: zein baliotan oinarritzen den, zer motatako influencerrei kasu egiten dien, nortzuk dituzten lagun… Galdetu, bestela, Felipe Erregearekin konexio zuzena omen daukan Carlos Lesmes, Goreneko presidenteari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!