Anonimotasuna hausten

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko eka. 16a, 12:21

BERRIAren azalean bi emakume ezagun: Aizpea Goenaga eta Itziar Ituño aktoreak. Gainean duten izenburuak apur bat deskokatu egin nau: “Osasun sistema gainezka egon da”. Zer egiten dute bi aktore hauek osasun sistemari buruz hizketan? Azpi-izenburuetako batek eman dit argibidea: “Itziar Ituño eta Aizpea Goenaga telesail bera grabatzen ari zirela kutsatu ziren”. Gaixotasunak eragindako sentsazioa honela definitzen du Ituñok: “Ematen zuen birusa nire gorputzari eskaner bat egiten zebilela, ahulguneren bat bilatzeko eta eraso egiteko”. Bitartean, Osakidetzaren telefonora deika, kontatzen du: “Bi ordu pasatu nituen telefonoaren bestaldean musika entzuten, eta eskegi egin zidaten”. Aizpea Goenagak alderdi positiboa ere ateratzen dio gaixoaldiari: “Niretzat oso inportantea izan da denbora gelditzea; terapia bat izan da”. Kulturgintzaren prekaritateaz hitz egin dute bi aktoreek. Goenagak: “Bada garaia pentsatzeko agian sistema honek ez duela kulturarako funtzionatzen, eta bilatu behar ditugula bizirik irauteko beste sistema batzuk”. Etorkizun hurbilaz, Itziar Ituñok: “… birus txiki batek mundua gelditu badu, geuk ere posible dugu gelditzea, hausnartzea eta gauzak aldatzea”. Edurne Begiristainek bi aktoreei egin dien elkarrizketak ez dauka hitzik ere galtzeko. Eta eskertzen da Aizpea Goenagak eta Itziar Ituñok aurpegia ematea, bizipenak eta hausnarketak barrutik kontatzea. Bi aktoreek COVID-19aren biktimei bisaia eta hitza eman diete, anonimotasunari koxka bat jan diote, estigmari aurre egin diote.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!