Iruñea-Paris-Washington

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko eka. 9a, 11:48

BERRIAren hirugarren orrian argazki txiki bat testu labur batekin. Izenburuak dio: “Alarma egoerako zigorrak kentzeko eskaera, Iruñean”. 
Hogeigarren orrian, nazioarteko sailean, argazki handi bat ia orri beteko informazioarekin eta titular hauxe: “Demokratek polizia indarkeriaren kontrako neurri sorta aurkeztu dute”. Estatu Batuetatik dator albistea. 
Alboan, pieza labur bat, izenburu honekin: “Frantzian debekatu egingo diete poliziei ´itotzeko metodoa`”. Poliziaren indarkeriak edo gehiegikeriak batzen ditu hiru albisteak. 
Iruñean atzo egindako elkarretaratzean konfinamendu garaian udaltzainek jarritako isunak kentzea eskatu dute. Argazkia, txikia izan arren, esanguratsua da; bertan ageri den gizonak esku beltz handi baten irudia erakusten du; kartel horrek, hitzik jarri gabe ere, arrazakeriari stopa irudikatzen du. Protestara deitu zutenen artean Sos Arrazakeria, Paperak eta Eskubideak Denontzat eta Salhaketa zeuden.  
Estatu Batuetako argazkian lau pertsona ageri dira, eskuineko belauna lurrean, burumakur; egun hauetan George Floyden hilketaren kontrako protestetan ikusi dugun jarrera da. Kasu honetan, Alderdi Demokratako ordezkariak dira belauna lurrean daudenak. 
Iruñea-Paris-Washington. Mundu osoa zeharkatzen duen inpunitate polizialaren rutetako bat besterik ez da. Arrazakeriak zipriztindutako ibilbidea. Dosiak bakarrik aldatzen dira batetik bestera. Iruñearen ondoan Bilbo ere jar genezake. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!