Oximoronak

Erabiltzailearen aurpegia

Hondartza. Esango nuke Zurriolakoa dela, Donostian, ezkerrean ageri duen kai-muturrarengatik. Uraren ertzean han dabiltza lauzpabost pertsona oinez, presatu samar, oinatzak utziz hondar gainean. Lehen planoan aita-alabak, musukoa muturreko gisa; haien begiek harridura adierazten dute; izan ere, gainean hegaka esaldi hauek darabilzkite: gaixo asintomatikoak, musu birtualak, sexu telematikoa, bizikleta estatikoak eta… hondartza dinamikoak. 
Honez gero antz eman diozue: Zaldieroaren gaurko tira da, Juan Luis Zabalaren testu batean oinarritua. Irribarrea eragiten du esaldi sortak lehen irakurketan: a zer oximoron pila! Badakizue, bi hitz kontraesankorren batuketa da oximorona. Segidan, zer pentsa jartzen du bat. Ondorioa: a zer kontraesan pilak inguratzen gaituen garaiotan! Eta gauza da kontraesan horiek irensten ditugula konturatu ere egin gabe. 
Osotara, krisi honek asko aberastu du hiztegia. Galdetu bestela Elhuyarrekoei, hor dabiltza hitz berriak sartzen astero. Pentsatzen jarrita, krisiak hiztegia aberastu egin duela esatea ez da juxtu oximorona, baina ez ote da beste kontraesan bat? Zepoak hanka harrapatu izan balit bezala sentitzen naiz, kontraesanen amaraunean trabatuta eta askatu ezinik. Bide batez, nagikeriak jota, salbuespenaren parentesia ixten denean, normaltasun berriak ekarriko dituen aje zaharrunoen beldur.