Norberaren istorioa kontatzen

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko mai. 5a, 14:52

Hondoan itsasoa eta arrokak, haietan eserita, lehen planoan akordeoilaria, soinua zabal-zabalik, eta begiradak lagundutako irribarrearekin. Kapel beltza buruan; hori du irudi artistikoaren ezaugarri Gorka Hermosa soinujole eta konpositoreak. Duela aste batzuk ere aipatu nuen, orduan Berria-Aretoan egin zuen emanaldia zela-eta. Oraingoan albistea da sarean aurkeztu duela disko berria, Gorka Hermosa&Blanchard Strings izenekoa. Akordeoi eta orkestrarako bederatzi pieza bertan. Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin jo behar zituen Gorka Hermosak konposizio horiek, baina birusak emanaldia urtebete atzeratu du. Orkestrekin harreman ona du Urretxuko soinulariak; mundu osoko hogei orkestrek jotzen dituzte bere piezak. Itziar Ugartek BERRIAn egin dion elkarrizketan, musikariak aitortzen du akordeoilariek gutxiagotasun konplexua izan dutela, musika herrikoiera mugatuta beti. Berak gogokoa du orkestrarekin jotzea: “Laurogei lagun zure atzean, oso musikari onak denak; hori ikaragarria” dela dio Hermosak. Jatorriz Espainia hegoaldekoa du familia, eta hori bere musikagintzan islatzen da. Garbi dauka “unibertsalena lokala izatea dela, eta autentikoena bakoitzaren istorioa kontatzea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!