Zeledonen eskultura maskara jantzita. Brontzezkoa-edo izango den irudi mutuari beste bizitasun bat ematen dio maskarak: aho-ezpainen faltan, begietan jartzen du arreta ikusleak, eta begiek halako tristura bat transmititzen dute, baina indarrez, ez etsipenez. San Prudentzioren ospakizunetan murgilduta daude Gasteizen, oraintxe Diputazio aurrean izango dute zortzikoa, bart balkoietatik jo zuten danborrada, aurten lehenengoz danbor nagusi emakumezko bat dela, Leire Betolaza… Baina Zeledonen maskaradun argazkia beste erreportaje batekin dator, Mikel Peruarena Ansak idatzi duenarekin. Izenburua: “Bizitza hankaz gora jarri duten bi hilabete”. Lagin gisa, atalburu batzuk: “Eskolak ixten”, “Erizain bat hil da”, “Baliabideak falta”, “Zahar etxeen larria”, “Maskak atzekoz aurrera”… Irakurri ahala, bati iruditzen zaio bi hilabete ez, bi urte ez ote diren pasa. Izan ere, iragandako historiaren parte bezala entzuten ditu batek goiko izenburu horiek; oroimenean denak sartu eta gorde ezinda. Baina historiak jarraitu egiten du. Gaur ere baditu irudi propioak. BERRIAren azalean Volkswagen-en Iruñeko plantan, langileak sartzen. Hauek ere maskara zuria dute uniforme. Erdi-festan dabilen Zeledonek bezala.