Gaur huts egin dit BERRIAk. Elurretako argazkiak espero nituen, eta bai zera, ezta bat bakarra ere. Azken orrialdean, Antton Olariagaren tiran soilik ageri da elurra. Hor doa Zakilixut burusoila, katiuskak eta bufanda jantzita, elur maluten artean, bere baitan sartuta… bukaerako hitza bakarrik aipatuko dizuet: NEUROAGINDUA.
Elurrik gabeko argazki batera noa: Baionako ospitala, eta han barrenean, bi erizain datoz. Artxibokoa da argazkia. Albistea, berriz, artxibatu baino lehen kontuan hartzekoa. Baionan bi erizainek bizilagunek sinatutako mezuak jaso omen dituzte, bizilagun horien bizitza “arriskuan” jartzen dutela esanez. Autoan eta etxeko atean azaldu zaizkie gutun horiek erizainei. Ideala omen litzateke, bizilagun horiek diotenez, erizainak ahal bezain fite eta urrun joatea bizitzera. Anbulantzia gidari bati, emakumezkoa hura ere, antzeko mezuak iritsi omen zaizkio.
Gertaerak badu matiz bat gainetik pasa ezin dena. Genevieve Karrikart erizainarenak dira hitzak: “Nonbaitik ere, ez diete halakorik erraten medikuei, baina bai erizainei, emazteei”.
Aitortuko dizuet albistea irakurtzean nire lehen erreakzioa sutan jartzea izan dela, eta su horretara botako nituzkeelakoan… bueno, ez, ezin da bide horretatik segi. Ondorioa da, koronabirusarena bezalako krisi batek zenbateraino hartzen dion neurria gizartearen –eta gizabanakoaren- osasun sozialari.