Hesiz hesi

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko mar. 10a, 12:14

Tipo bat ordenagailuaren aurrean eserita; atzean, telebistan, beste tipo bat albisteak irakurtzen; bi pantailetan, ordenagailukoan eta telebistakoan, irudi bera ageri da, koronabirusaren borobil hori, planeta baten antza daukana. Ordenagailuko tipoak hauxe dio bere baitan: “flipatzekoa da nola ari den Covid-19 horren kontua biralizatzen”. Asmatu duzue, ala? Gaurko argazkia Zaldierori lapurtu diot. Hari eta twit-aren egileari, Edu Lartzagureni. Umore tanta bat dagoeneko guretartu den gaiean.
Argazkiak ere, izan badira, birusaren ingurukoak. Gasteizko ikastetxe itxiaren aldamenetik doazen ama eta ume horiek; Bastidako eskola publikokoa, hesi metalikoz trangatuta atea; Ajuria-enean atzo egindako erakundeen arteko bilerakoa… Horiek argazki zuzenenak, esan dezagun, ze hurrengoa, artxiboko argazkia, metaforikoa gertatzen da nolabait: eskularru profilaktikoz estalitako bi esku laborategiko gailuak maneiatzen; oinak dioenez, koronabirusari buruzko ikerlanetan…
Argazki albuma askotarikoa da, beraz, baina ez oso esplizitua. Hemen ez dago azken bizpahiru hilabeteotan Txinatik heldu zaizkigun argazkien generokorik; ez dago ospitale barruko gaixoen irudirik; ez dago buzoz jantzita jendea txekeatzen zuten funtzionarien argazkirik.
Herritar eta kazetari gisa erabat ados nago hemen izurritearen irudi esplizituei jartzen zaien diskreziozko hesi horrekin. Zer pentsa ematen didana da, zeinen tratamendu grafiko ezberdina ari garen egiten hango –Txinako- krisiari eta hemengoari. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!