Argazkia ez da ohikoa; izan ere argazkiaren protagonista ez da gertakari bat, ez pertsona bat, ezta paisaia bat ere. Argazkiaren protagonista kartel bat da. Kartela Mutioloagoitiko taberna baten kanpoaldean dago jarrita, kristalaren gainean; eta hauxe dio: otsailaren 3an itzuli ginen urte bukaerako bidaiatik; segurtasunagatik, bi astez etxean geratzea erabaki dugu; hilaren 17an irekiko dugu taberna. Honez gero asmatu duzue: txinatarrak dira kartelean goiko hori adierazi zutenak. Argazkiarekin datorren informazioan, Xinjie Chen, Euskadiko Txinatarren Elkarteko kideari eman diote hitza; berak dioenez, ez dute antzeman jendeak beraien denda eta jatetxeetara joateari utzi dionik, koronabirusaren krisia lehertu denetik. Badaezpada, Iruñeko udalbatzak aurrea hartu die gerta litezkeen xenofobia jokabideei, elkartasunez jokatzeko eskatuz jatorriz txinatarrak direnekin. Orri batzuk aurrerago, izenburu kezkagarria BERRIAn: Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du koronabirusak “pandemia” eragin dezakeela, hau da, mundu osora zabal daitekeela. Argazkian, Veneziako San Markos plazan, turista bat aho-sudurrak maskaraz estalita. Gaixotasuna Italiara iritsi izanak alertan jarri du Europa; alertan jarri gaitu europarrok. Bat-batean, Lurdes Iriondoren kanta baten izenburua etorri zait gogora: “Hain urruti eta hain hurbil”. Itxurazko kontraesan horretan katigatuta gaude mundutarrok.