Lan istripu arruntak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2020ko ots. 11a, 14:03

Ilunpean ateratako argazkia da, atzo arratsaldeko azken ordukoa, Zaldibarren herritarrek egin zuten manifestazioan. Pankarta nagusiak “Zaldibar argitu” dio, letra larri gorri handietan. Pankartari helduta, adin guztietako jendea: mutil gazteak, gizon adinduren bat, neskato eta mutikoak, emakume gazteak…  Atzeko lerroetan ere nahasketa berbera, eta beste pankarta bat: “Bi langile desagerturik, euskal langileriak ez du barkatuko”. 
Ermuko manifaren argazkia oso antzekoa da; hemen pankartak argibide gehiago ematen du: “langileak, osasuna, erantzukizunak” jartzen du bigarren lerroan. Antzeko manifestazioak egin ziren atzo iluntzean Eibarren, Markinan eta Mallabian ere. 
Mobilizazio horien deialdia behar izan du Jaurlaritzak erreakzionatzen hasteko. Atzo goizean bilera egin zuten Zaldibarko udaletxean, eta han azaldu zen, behingoz, Iñaki Arriola, Jaurlaritzako Ingurumen Sailburua. Lehen agerraldia zuen Zaldibarko luiziaren ondoren; aurreko egunetan bere bigarrena bidali izan du kazetarien aurrera. 
BERRIAk gaiari eskaini dizkion lau orrialdeetan badago beste argazki bat ere: atzo arratsaldean Urkullu lehendakariak Jaurlaritzako eta Bizkaiko Diputazioko arduradunekin eta hiru herrietako alkateekin egindako bilerarena. Lehena, jendaurrean behintzat, luizia gertatu zenetik. Urkulluk aurretik emana zuen esplikazioa, zergatik ez den joan txikizioaren tokira: “eszenifikaziorik” ez egiteagatik, “lan istripua” izan omen den horretan. Lan istripuak, jakina, gauza arruntegia dira gurean. Zaborrak irentsitako Alberto Sololuzeren senitartekoek transmititzen duten angustia eta herioa ez dira nonbait goiko instantzietan partekatzeko modukoak.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!