Beltza da nagusi argazkian. Beltza da hondoko pareta, eta gainean, urre koloreko hizkietan, “Iruña eta Tuterako artzapezpikutza” irakur daiteke; eskuinean Kristo gurutziltzatuaren irudia ageri da. Mahaian beltzezko emakume bat; foulardak eta aurrean dituen mikroen txapelek ematen diote kolore apur bat. Haren alboan sasoiko gizonezkoa; bere belztasunari lepoko tirillak egiten dio bakarrik kontrastea. Maite Kintana abokatua eta Josetxo Bera, artzapezpikuko komunikazio ordezkaria dira. Prentsaurrekoan egin duten iragarpena, hauxe: Francisco Perez artzapezpikuak Adingabeak eta Pertsona Zaurgarriak Babesteko batzorde bat sortu duela. Zertarako? “Kontzientzia, botere eta sexu abusuen biktimak artatzeko”. Psikiatra batek, biktimen arretarako profesional batek eta bi abokatuk osatuko omen dute taldea. Eginkizuna: “laguntza terapeutikoa, espirituala eta juridikoa ematea”. Albisteak badu koxka ekidin ezinezkoa: Artzapezpikuak kontuan hartuko ditu ez bakarrik elizgizonen biktimak, baita Elizatik kanpoko abusatzaileenak ere. Eta hori, etxeko lanak egiteari uko egin eta gero, artxibatuta baitauzka Nafarroako ikastetxe erlijiosoetan duela hamarkada batzuk izandako sexu-abusuen salaketa lazgarriak. Beltzaren beltzak ere ezin du estali tamainako zinismoa.