Gaurkoa ez da argazki bakarra, argazki sorta baizik.
Azalekoan desenfokatuta daude joaldun parea, eta haien erdian pertsonaia beldurgarri bezain ederra ageri da: belarrezko kapusaia darama soinean, eta handik zotzak ateratzen zaizkio norabide guztietan; arbolaxka bat irudikatzen du, txorientzako kabi eta guzti. Bixente Ameztoi pintorearen diseinua izan zitekeen.
Barruan beste bost argazki. Lehenengoan, hor doaz joaldunak ilaran, aurrerantz eta atzerantz egiten duten bi lerroak nahastuta. Dunbaden hotsa entzunarazten du paperezko argazkiak.
Joareak jartzeko operazio luze konplikatua ikusten da etxe barruan egindako argazki barean. Hurrengoa, berriz, asaldagarria da: gurdi batek kale bustiko zoruan arrastaka darama gizona; ezin asmatu zer irudikatu nahi duen.
Azken bi argazkiak esplizituagoak dira. Batean, hor doa adindun bikotea motoan; atzekoak kartela darama eskuan: “Nok pagatuko du gure Benidorko hotela?”.
Azkenerako utzi dudan argazkia da ezohikoena: Iturengo Ostatuaren fatxadan pankarta erraldoia: “Malerreka errespetuzko harremanen alde. Eraso matxistarik ez”. Pankartaren azpiko leihoan hiru mutiko kaleari so. Haien inguruan zintzilikatuta, emakumezkoen bularretako eta kuleroak. Surrealismoaren barrunbeetaraino garamatza eszenak.
Erreportaje bikain hau ez da nirea; egilea Fokuko Iñigo Uriz erreportari grafikoa da.