Argazkiak badu indarra. Lehen planoan bederatzi gizon-emakume ageri dira, Pernando Barrena eurodiputatuarekin hasita. Bigarren planoan jende gehiago. Denak berdintzen dituena hauxe da, eskuetan erakusten duten kartel hori-morea, Oriol Junquerasen irudiarekin eta gainean “Free” hitza. Hor daude Kataluniako Parlamenteko presidentea Roger Torrent eta Generalitateko lehengo eta oraingo presidenteak, Puigdemont eta Torra.
Aurrekoa formulatzearekin batera, hitzetik hortzera sortu zait galdera: zein lurraldetan, zein estatutan, zein naziotan eman daitekie halako irudia? Hau da, erakundeetako ordezkari politiko nagusiak kalean, protesta giroan aldarrikapena egiten. Eta gainera, ez daude beraien lurraldean, Estrasburgon baizik, Europako Batasunaren bihotzetako batean.
Europako Parlamentuko egoitza barruan ere erakutsi zituzten kartelak, eta Gorka Berasategi berriemaleak dioenez, “parlamentuko zerbitzuek kartelak kendu eta gordearazi egin zizkieten, besteak beste Puidgemonti berari”. David Sassoli, Europako Parlamentuaren presidente italiarrak beste gai batzuen artean disimulatuta pasatu omen zuen Toni Comin eta Puigdemont eurodiputatuen estreinaldia, eta Junquerasen falta.
Puigdemontek ohartarazpena: “Gaur Junquerasentzat mehatxua dena mehatxu izan daiteke bihar Europako edozein disidente politikorentzat”. Comin Generalitateko kontseilari kargugabetuak errematea: “Europaren arima” dagoela jokoan.