Letren errepublikan

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko aza. 26a, 13:08

Argazkiak iragarki baten barruan datoz, aurtengo Euskadi Literatura Sariei buruzko iragarkian. Bertan ageri dira Daniel Innerarity filosofo bilbotarra, gaztelaniazko saiakera sariaren irabazlea, eta Juan Carlos Etxegoien, Xamar ezizenez sinatzen duena, euskarazko saiakeraren irabazlea. Ondoan aurtengo sarituen zerrenda osoa dator, zazpi guztira; zerrenda horretan beste bi egile nafar ageri dira: Ramon Eder Irunberrikoa, Palmeras solitarias liburuarekin gaztelaniazko literatura saria irabazi duena, eta Asisko Urmeneta; honek ilustrazio saria jaso du AztiHitza: Xahoren biografikoa lanarekin.

Kontua da zazpiko zerrenda bi bizkaitarrek, beste bi gipuzkoarrek eta hiru nafarrek osatzen dutela. Navarra Suma-koa banintz moskeatuta egongo nintzateke: zer, eta orain idazleak lapurtu behar dizkigute basko horiek?

Saritutako obra guztietatik bakarra daukat oraindik irakurrita: Xamar-en Etxera bidean; bidaia iniziatiko bat da, erauzitako hizkuntza eta hark dakartzan mundu ikuskera eta izaera berreskuratzeko ibilbidea. Aezkoan, Garraldan, dauka abiapuntua, baina istorioa paradigmatikoa izanik, beste herri eta jende askoren oihartzuna ere badakar. Navarra Sumakoa banintz, oso moskeatuta egongo nintzateke Etxegoienen liburuarekin.

Zorionez, Hasier Etxeberriak Letren Errepublika deitzen zuen horretan, lurralde historikoen mugak gainditu egiten dira, eta badago parlamentu birtual bat gonbidatuen etiketei begiratzen ez diena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!