Zaplaztekoa

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko aza. 5a, 14:31

BERRIAren azaleko argazkian Alain Rousset eta Iñigo Urkullu alde banatan, Maria Txibite erdian. Idoia Zabaleta FOKUko argazkilariak Nafarroako presidentearengan jarri du fokua, Akitania Berriko presidentea eta Euskadiko lehendakaria apur bat gandututa utziz. Bazuen bere arrazoia hori egiteko: Iruñean izan zen bilera, eta Maria Txibite da atzotik Euroeskualdeko lehendakaria. Bestenaz, atzo hiru presidenteek egindako adierazpenek “asmo onen” karpetan artxibatzekoak dirudite. Bigarren orriko argazkian, bost “magnifikoak”. Nik ere egin dut masokismo ariketa bart. TVEk eguerditik zeraman matraka ematen, gaueko saiorako prestaketa izugarriak erakusten. Dena estilo yanki puruan, NBAko final baten atarian bageunde bezala. Bost eledunak platoan sartu, nor bere atrilean jarri, eta eman zuten azken irudi bat, plano zenital eta guzti: aholkulariak sartu ziren azkar batean, bakoitzak bere jefeari azken gomendioak emateko. Hara, botileroak! esan nuen nire artean, frontoietatik desagerrarazi dituzten laguntzaileak gogoan. Erretransmisioan ari zen hizlarietako batek, ordea, boxeo ring modura kalifikatu zuen eszena. Hasi ziren bost hiztunak kalakan. Sanchezek denborarik galdu gabe bota zuen Kataluniarako daukan plana. Halako zaplaztekoa jaso nuen, telebista itzali eta hortxe bukatu zen nire masokismo saioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!