Aireportuan gotortuta

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko urr. 15a, 12:17

Siriako eta beste gatazka-leku batzuetako eszenak datoz gogora. Izan ere, errepide zabalean, autorik gabeko errepidean, jendea hara eta hona dabil; batzuek esteladak dituzte ikur; beste askok maletak eta troleyak. Halako batean uniformedun talde bat agertu da, haiek ere troleyak atoian daramatzatela; ez dira poliziak, ez, hegazkinetako pilotu eta azafatak dira.  
Prat-eko aireportuaren goiko terraza jendez gainezka ageri da urrutitik hartutako planoetan. Erdi Aroko gaztelu gotortu bat izan zitekeen. Barruan, aireportuko terminaletan, giroa gaiztotuta: poliziak borrak astintzen, ke-bapainua, liskarrak… Hong Kong-eko aireportuan abuztuan izan ziren protestetan inspiratuko ziren Tsunami Democratic-ekoak.
Espainiako Telebista ofizialean esateko daukate Pedro Sanchez presidenteak ingelesez ere egin duela adierazpena, Mariano Rajoyk sekula egiterik izan ez zuen bezala. Espainiako presidenteari etorri zaizkion ihardespenen artean bat behintzat ingelesez entzun da: Pep Guardiola Manchester Cityko entrenatzaileak ahotsa jarri dion manifestua. 
Bitartean, bart, TV3ek Kataluniako lau lurraldeetan zehar egin zuen jarraipenean, Els Segadors ereserkia zen soinu-banda nagusia. XVIIgarren mendetik dator kanta, Espainiako errege, Felipe IVgarrena Austriakoa zenetik. Orain, Felipe VI Borboikoaren erreinuan, ez dirudi Els Segadors-i iraungitze data azkar batean iritsiko zaionik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!