Anbulategiko itxaron gela izan zitekeen, aulkiei begiratuta; baina ez, hau Madrilgo Auzitegi Nazionala da. Sei aulki ilara daude bata bestearen atzean, bider zortzi eserleku ilara bakoitzean, hau da, berrogeita zazpi auzipetuentzako tokia. Aurpegi serioak, baina tentsio berezirik gabe, gaztelaniaz “cara de circunstancias” esaten dena. Lehen ilarako auzipetuetako batek berde kolorekoak ditu jertsea eta sandaliak; berde kolore hori bera eraman du BERRIAk azalera, agian modu subliminalean, baina kontua da itxaropenari leihoa irekitzen dion horietakoa dela atzoko albistea. Hori islatzen du izenburuak ere: “Akordioa, irtenbidean laguntzeko”. Azpititulu batek zehazten du irtenbidearena: “Presoen auziari aterabide bat emateko baliatu nahi dute”, ulertzen da, akordioa. Justifikatuta dago, beraz, kolore berdea. Belarritik tira egingo didazue, akaso, baina ezin aipatu gabe utzi gaurko BERRIAn topatu dudan beste argazki bat: Euskalerria Irratiko estudioan, zuetariko bost. Ainara Arratibelen kronikan jakin dut zein fitxaje berri egin dituzuen, ehun eta laurogei kolaboratzaile bagarela, firin-faran ibiltzeko asmotan zaudetela -estudiotik kanpora irtenda- eta dagoeneko hogeita hamabigarren denboraldia duzuela. Esango banizue Mikel Bujanda eta konpainiak Iruñean euskarazko irratia sortu zutenean nik ez niola ematen ezta urtebeteko bizirik ere… Eskerrak, batzuk, aldrebeseko igarleak garen.