Kateak eta katebegiak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko eka. 20a, 14:38

Argazki ofizialean Juan Luis Sanchez de Muniain, Yolanda Ibañez, Unai Hualde, Inmaculada Jurio eta Maiorga Ramirez. Lehen biak elkarri ahapeka gaixtakeriaren bat esaten arituko balira bezala. Hualde barruranzko begirada nekatu samarrarekin; Jurio da jarrera erlaxatuena ageri duena, etsipenezkoa agian; Maiorga Ramirez urrutira begira bere garaitasunetik.
Gainean duten Nafarroako kateen armarri erraldoia ez da, kasu honetan, protokolozko apaingarri hutsa; argazki honetara iristeko izan diren elkarrizketa eta negoziaketen joko zelaia irudikatzen du: zein kate lotu eta zeintzuk askatu diren; estutu eta lasatu diren lokarrien mapa iradokitzen du.
Barruko argazkia informalxeagoa da. Maria Txibite Hualde besarkatzera doa; barrenean, alde banatan, Koldo Martinez eta Uxue Barkos pozezko irribarre diskretoekin. Egunen batean aktore hauetakoren batek idatziko du gertakariaren kronika politikoa, barrutik, autozentsurarik gabe. Edo, ziurrago, aktore batzuek eta besteek idatzitako kronika politiko ezberdinekin osatu beharko da gertakariaren puzzlea.
Oraingoz, kanpotik ikusita behintzat, tanto bat apuntatu behar: eskuinak –eskuin zabalak- EHBilduri jarritako betoa gainditu izana. Indar hori deabrutzeko gurutzadari koska bat jatea. Indar horrek ordezkatzen duen gizarte zatia baztertzeko jokoan, katebegi bat, behintzat, hautsi baita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!