Arragoa - - euskalerriairratia.eus

Arragoa

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko eka. 6a, 12:47

Argazkiaren barrenera begiratu behar da gertakariaren muntaz jabetzeko: hamarren bat kamera bai, mahaikoei zuzenduta. Lehen planoan Uxue Barkos eta Maria Txibite mahaiaren alde banatan, alboan, Unai Hualde eta Ramon Alzorriz dituztela. Barruko argazki osagarrian, Inma Jurio PSNren aldean, Itziar Gomez eta Ana Ansa Geroa Baikoan. Guztira, zazpi lagun, horietatik bost, emakumezkoak.
Eguerdiko ordubatean egin zuten bilera, ordubetez, Nafarroako Parlamentuan. Bistan da atzokoa eszenaratzea zela; beste ordu, toki eta modu batzuetara egin beharko dituzte topaketak zerbaitera iritsiko badira. Areago, tartean gurutzatzen diren interferentziak kontuan hartuta.
Interferentzia horiek aitzakiatzat darabiltena beste argazki batean azaltzen da: EHBildukoek bi ordu lehenago egin zuten agerraldia. Bakartxo Ruizek jarri zuen puntua: “Eskuina geldiarazteko ezinbestekoa da EHBildurekin hitz egitea”. Beste askotan bezala, De Rerum Naturako tiran dago gakoa, PSNren orain arteko arrapostuan.
Bada gaurko BERRIAn beste argazki nafar bat, Argentinatik baldin badator ere. Mahai baten inguruan berrogeiren bat lagun, hangoak eta hemengoak. Hau da, 78ko Sanferminak Gogoan elkarteko kideak eta Iruñeko Peñen delegazio bat, Argentinako hainbat eragilerekin bilduta. Fermin Rodriguezek, Germanen anaiak, laburbildu du dena: “Berrogei urteren ostean, eta ja hamar mila kilometro egin behar izan ditugu justizia eskatzeko”.
Gaur goizean, kanta baten ahapaldiak dabilzkit jirabueltaka oroimenean. Xabier Leteren “Nafarroa, arragoa (…) kondaira urratu baten oihartzun oihukatua (…) nahiaren eta ezinaren burrukatoki ekaitzez betea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!