Gaurko argazkiaren abiapuntua ez da juxtu argazkia, dozena erdi segundoko bideo zati bat baizik. Eta atzerabegirakoa da gainera; joan den igande gauean telebistan ikusi genuen eszena lotsagarri hura baita: Maite Esporrinek “Agur Asiron, agur!” bota zuenekoa.
Hitz berberak beste tonu batean esan zitzakeen PSNko hautagaiak. Euforiaren neurgailuak, ordea, eztanda egin zion, gorriaren gorriz. Uztailaren 6ren batean “Gora San Fermin” esatea suertatzen bazaio, entseatuko ahal du hobeto diskurtsoaren forma.
Ion Orzaizek, gaurko BERRIAn, gakoa: “Esporrinen erreakzio euforikoak gutxiago du estrategikotik, eta, gehiago, lau urtean pilatutako ezinikusi eta mendeku gosetik”. Horixe Ion Orzaizen analisiaren muina.
Bide batez, analisirako erreminta grafiko oso baliagarriak dira gaur BERRIAk argitaratu dituen Hegoaldeko lau hiriburuetako auzoz-auzoko mapak. EAJren berde iluna da nagusi Gasteiz, Bilbo eta Donostiako planoetan. Berde ilun horri koska batzuk kentzen dizkio Bilduren berde argiak Gipuzkoako hiriburuan. Hiruetan, sozialisten mantxa gorri bat edo beste.
Navarra Sumaren urdina hegemoniko Iruñean, hantxe, ipar-ekialdean, berde argiz margotutako lau auzo kenduta. Sozialisten gorririk, ezta auzo bakar batean ere. Arrazoia izango du Ion Orzaizek: Esporrinen igande gaueko euforia ez da justifikatzen, ezinikusi eta mendeku gosetik ez bada.