Scoop batekin dator gaur BERRIAren azala: duela urtebete, 2018ko maiatzaren 3an, ETAk bere militanteei zuzendu zien gutunaren irudiarekin. Orain arte argitaratu gabeko gutuna.
Sei paragrafo dira, sarrera eta amaieraz gain. Horietatik BERRIAk horiz azpimarratu duena hauxe: “ETAren zigilua erabiliko dugu azken aldiz”. Zigilua -sugearen irudiaren azpian, “bietan jarrai” dioen hori- bi aldiz ageri da dokumentuan: goian, ezkerrean, egur landu itxuran; beheran, marrazki xinpleagoan.
Beste baieztapen hau ere azpimarratu du BERRIAk: “Hauxe da Erakundearen izenean idatziko den azken idazkia”. Azken puntua, beraz, hirurogei urteko jardunari.
Nik azpimarratu ditudanak, hauexek:
Bat: “Milaka herritarrek sentitzen duten behar bera sentitu dugu”. Ulertzen da, amaitu beharra.
Bi: “Egindako guztia onartzen dugu, baita ekintza eta akats gogorrenak ere”. Hor, jakinmina pizten zait: zeintzuk jotzen ote zituen ETAk “ekintza eta akats gogorren”tzat?
Bi aldiz ageri da “maitasuna” hitza. Batetik, “herriarenganako maitasuna eta konpromisoa” aipatzen dituenean gutunak. Bestetik, bukaeran, agurrean: “Zuretzat, eusko gudaria, ETAren azken besarkada, betirako besarkada, maitasunez”.
Semiotikan aditua izan nahi luke batek, ETAren azken idazki horri zuku guztia ateratzeko.