Erorikoak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko api. 11a, 11:39

Koadro bat balitz abstrakzioaren kategorian sartuko genuke. Haur imajinazio bihurriarekin, arrautza frijitu beltza dela esango genuke. Argazki oinak zehazten duenez, “berez ezin da zulo beltzen argazkirik egin, argia irentsi egiten dutelako. Zuloaren inguruan biltzen den gasaren beroak sortutako distira da irudian inprimatu dutena”. Hara!
Gauza hauek ulertzeko zeharo motza den honek De Rerum Naturan aurkitu du esplikazio grafikoa. Inguratzen zaio azken antxoa zulo beltzari, “gabon” opaz, eta ohartarazten du zulo beltzak: “Ez hurbildu!!”. Baina antxoak, kuxkuxeroa izaki, ez dio jaramonik egiten, eta… xurgatzen du zulo beltzaren epizentroak antxoa. Orain, ea nola erreskatatzen duen Zaldieroak azken antxoa!
Agian Gorka Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrari eskatu beharko dio aholkua. Itzuliaren atzoko saioaren kronika “A ze sustoa” esanez hasi du. Sustoa, atzo izan zen eroriko kolektiboarengatik. “Behingoagatik saihestu dut” esplikatzen du Gorka Izagirrek: “Horrelakoak zorte on edo txar kontua izaten dira, eta ni erorikotik libratu banaiz tropelaren eskuinean nindoalako izan da”.
Eskuinean joate horren abantaila ez dirudi lege unibertsala eta arlo guztietara aplikagarria denik. Esate baterako, ofizialki gaur hasiko den Espainiako hauteskunde kanpainaren bezperan, Pablo Casado ikusi dugu plast!, irrist egin eta erortzen, 900 euroko gutxieneko soldata 850era igoko duela aginduz. Bizkaiko hiriburutik Gipuzkoako Getxora joan zenean bezalaxe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!