Konbinazioak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko mar. 14a, 12:29

Beltza eta gorria dira nagusi gaurko argazkian: beltza bilkuran dagoen jendearen jantzietan; gorria, lehen planoan ageri diren bi lore sortetan.
Ondo konbinatzen duten koloreak dira beltza eta gorria: esaterako, edozein jantzi dotoretan; baita banderak osatzeko ere, anarkistena, adibidez. Hemen, lutoa adierazten dute beltzak eta gorriak; lutoa polizia batek eta haren semeak hil zuten Angel Berrueta okinarengatik, eta gertakari haien ondorengo protestetan Hernanin hil zen Kontxi Santxizengatik.
Bi norantzatan doa pentsamendua 2004ko martxo hartako giroa gogora ekartzean: batetik, hamabost urte jada dio buruak, memoriak ez baitu ezabatu egun haietan bizi izandakoa. Bestetik, hamabost urte eta oraindik horrela, hau da, biktimei zor zaien aitorpenik gabe?
Aitziber Berruetak aitari zuzendutako hitzetan dago gakoa: “Espainiako gobernuaren erruz hil zintuzten, gizartea berotu zuelako esanez martxoaren 11ko atentatuak ETAk egin zituela”. Hitz horiek irakurri eta gogora dator segidan, Aznar presidente zuen gobernuan, Angel Acebes Espainiako Barne ministroak hedabideen aurrean jokatu zuen papera, gezurraren antologian garaile.
Lehengo batean, Pablo Casado, atzean paisaia ederra zuela agertu zen, UPNko Esparzarekin hauteskundeetarako akordioa sinatzen. Gero, Altsasuko Koxka tabernan egin zuen eskratxeak erabat desitxuratu zuen irudi idiliko hura. Eskuinaren estetikak ez daki koloreak eta giroak konbinatzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!