Egunkariaren orri eta piko hartzen duen argazki apaisatuan, Dolors Bassa Generalitateko kontseilari kargugabetua deklaratzen. Eskuinaldeko ilaran, fiskalen bat, Estatuko abokatua eta akusaziokoak. Akusatuen aulkietan bat bota dut faltan: Oriol Junqueras. Non galdu ote da Generalitateko presidenteorde kargugabetua? Ba erantzuna Igor Susaeta BERRIAko berriemaile bereziak egin duen kronikan dago: “Oriol Junquerasek abokatuen atzean jarrita ikusi zuen saioa”.
Izan ere, “Streaming-ez ikusten ez dena” kontatu digu Igor Susaetak, atzoko saioaren kronikan. Esan dezakegu Auzitegi Goreneko saioen kronika soziala egin duela. Argazkia ulertzeko klabeak eman dizkigu, areto horretan hainbat aktorek dauzkaten jarrerak eta imintzioak azaltzean, batzuen eta besteen arteko enkontruak eta desenkontruak aletzean…
Esaterako, nola atzo, lau orduz Estatuko abokatuaren eta defentsaren galderei erantzuten jardun ondoren, Josep Rullek, “areto barruan zeuzkan senide eta lagunengana hurbildu zenean, mingaina atera zien”. Mingaina atera, maratoi baten ondoren lehertuta dagoenaren keinu gisa.
Igor Susaetaren kronikaren bidez jakin dugu Javier Ortega Smith Vox-eko abokatuak, sakelekoari eta tabletari begira pasatu zuela goizeko ia saio osoa. Bide batez, eskumuturrean daraman Espainiako bandera erakutsiz. “Jarrera teatrero samarra” omen zeukan militar ohiak. Kontrastean, Susaetak dioenez, epaileek ei dute jarrerarik zurrunena, baita aretoaren alde banatan esertzen diren bi poliziek ere. Argazkikoa hala ageri da, txintxo-txintxo.
Igor Susaetaren kronikak inbidiaz berde utzi nau. Historian lauzpabost lerro baino gehiago okupatuko dituen epaiketa horretan egon ahal izateagatik, eta bertatik bertara ikusitakoa hain modu bikainean kontatzen asmatzeagatik.
Elixabete Garmendia Lasa