Baso girokoa da argazkia: gizonezko bat arbola baten kontra bermatuta, eskuineko eskuan plastikozko tutu bat duela, bidoi bati lotuta dagoen tutua. Banuen susmoa eta arbola hori urkia dela baieztatu dit izenburuak: “Urki sapa osagarri onari begira”.
Urkia, bere enbor azal zilar-zuri ederrarekin, neguan nabarmentzen da bereziki basoan zoazenean. Zuhaitzik politenetakoa da. Ainize Madariagaren erreportajeak, edertasunaz gaindik, urkiak beste onura batzuk ere badituela erakusten du.
Zuberoako Ligi-Atherein egina da BERRIAko Bizigiro atalean datorren erreportajea. Izan ere, han, Ligin, Bettan Dhulst-ek, urkiaren sapa edo izerdia atera eta hainbat produktutarako erabiltzen du; adibidez, beste argazki batean ageri diren xaboiak egiteko.
Urkiaren zukuak dakartzan onuren zerrenda ez da nolanahikoa. Dhulst-en hitzetan: “Balio du gorputzaren bultzagarri eta, neguan kontsumitu toxina gehiegikeriaz garbitzeko. Diotenez, gibelerako, hesteetarako eta giltzurrunetarako ezin hobea da. Azalerako eta artikulazioetarako ere bai”.
Orain, urkiari izerdia noiz igoko zain daude; diotenez, laster gertatuko da hori, urkia omen baita “zuhaitzetan hostatzen lehena”. Eta hori, udaberria datorren seinale da. Iragarpen dokumentatu hori dakarren erreportajeak tamainako kontrapisua jarri die gaur ere falta ez diren albiste ernegagarriei.
Elixabete Garmendia Lasa