Prozesu induzituak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko urt. 24a, 12:58

Urrutitik dator gaurko argazki nagusia: Venezuelatik. Bandera atzean duela, mikrofonoa aurrean, Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidentea bere burua herrialdeko presidente izendatzen. BERRIAren azaleko izenburuak hauxe dio: “Guaidok eta Trumpek Venezuelako gobernua estutu dute”, eta barruko orrialdekoak berriz, “Tenkatutako Venezuela”. Ez ote dira izenburu optimistegiak? Izan ere, Trump izanik presidente berriari ongietorria ematen lehena, ba ote dago beste irtenbiderik?
Urte batzuk barru adituek egingo dute chavismoa hondoratzeko Estatu Batuek lideratu duten prozesuaren disekzioa, pausoz pauso. Nire akorduan duela hiruzpalau urteko irudiak, supermerkatuetako apalak hutsik, hainbat elikagai eta lehen beharretarako gauza falta zirela, komuneko papera, esaterako. Argazki trukatuak ere egon zirela salatu zuten gobernuaren aldetik, baina ez zuen horrek konpondu hornidura gabetzea. Hori eta erabateko pobretzea.
Azkenaldian ere iritsi zaizkit bide zuzenetik horren albiste-printzak: lagun batek dio han dauzkaten senitartekoek -36ko gerrako errefuxiatuen ondorengoek- laguntza eskatu dietela. Kontatu didate, baita ere, aurtengo udazkenean hona pala txapelketa bat jokatzera etorritako neskaren ekipajea nolakoa zen: txandal hutsa.
Bolsonaro Brasilen, Guaido Venezuelan… Nor ote daukate Estatu Batuek Boliviarako?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!