BERRIAren azaleko argazkian Quim Torra Kataluniako presidentea eskuineko eskua bihotz parean duela, aurpegi hunkituarekin. Atzo iluntzean Donostiako Kursaalen bildutakoen txalo zaparradarengatik eskerrak ematen arituko zen momentu horretan. Nik argazkia ez, atzoko ekitaldi horren kronika partikularra egingo dizuet gaur.
Kursaaleko atarian argazki eta bideo kamerariak ugari, ilaran, presidentea noiz iritsiko zain. Areto nagusia, Zinemaldiko galak egiten diren horixe bera, hamar minutuan bete zen. Eskuin aldeko hirugarren ilarako ertzetik, VIPen sarrera parean, bertatik bertara jarrai zitezkeen mugimendu guztiak. Esaterako, Torraren seguritatekoenak. Traje eta korbataz jantziak, entzungailuak belarrietan, sakabanatu ziren aretoaren alde guztietara. Adi eta aldi berean tentsiorik gabe ageri ziren, matoi itxurarik gabe. Sekitoan bazeuden emakumeak ere, katalanak izanik, nola ez, betaurrekodunak. Zutik jarrita eta esku-zartaka hartu zuen publikoak Generalitateko presidentea, aretora sartu zenean.
Megafonia ez zebilen ondo hasieratik, eta Torraren txanda iritsi zenerako okertuz joan zen. Hala ere, presidentearen espitxak utzi zituen titular azpimarragarriak; nik hauxe aukeratuko dut: burujabetzarako bidean, udalek eta Omniun edo ANC bezalako erakundeek jokatzen duten paperaren garrantzia nabarmendu zuenekoa. Torrak, zinez, lezio politikoa den hitzaldia eman zuen atzo Kursaalen.